GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KRONIKA | ANDOAINEN

Senide eta lagunak, «txarrenerako prest»

Algodonerako Emakumeak plazako 2. zenbakira gehiegi hurbiltzerik ez, eta Ruben Gelbentzuren senide eta lagunak (eta guardia zibilen presentziak atentzioa eman dien beste hainbat herritar) alboko Aiztondo kalearen bueltan elkartu dira. Kanpotik etorritako indar armatuak baimendutako tokietan.

p008_f02_111x111.jpg

Mikel JAUREGI

«Ruben atxilotu dute!». SMS eta WhatsApp-en joan-etorriak goizean goizetik eraman ditu hainbat andoaindar Karrika auzo aldera, asaldatuta. Ordurako, Gelbentzu, haren neska-laguna eta bi urte eta erdiko haurra bizi diren etxebizitzan da Guardia Zibila, eta enparantza itxita dago. 03.00etarako han ziren indar armatuak. «Laurak eta hamar aldera deitu didate, haurraren bila etor nendin. Segituan jaitsi naiz [Andoaingo goiko hirigunetik behekora]». Atxilotuaren aitaren hitzak dira, telefono deia jaso duenetik lau ordu igaro ez direnean.

Zortziak hamar gutxiagotan ez da jende askorik. Gaua luze joan da -goizak ere tankera hori dauka- eta batzuek joan beharra izan dute. «Azkenean neska-laguna bera ere atera egin da umearekin. Lau eta erdiak-edo izango ziren», azaldu dio GARAri. Ez daki une horretan semea bakarrik dagoen edota lekuko lanetan bizilagunen bat jarri duten guardia zibilek. Nolakoa izan da sarrera? Atea bota dute? «Ez, ez... Kolpe handiak jo dituzte atean, baina Rubenek berak ireki die», erantzun du.

Solaserako gogo handirik ez dago, baina hurrengo galdera zein izango den igarrita-edo, «Ruben lasai zegoen», bota du segidan. Ikusterik izan duzu ala? «Ez, bikotekideak esan dit. Hura etxetik atera denean, [guardia zibilek] esan didate semearekin hitz egiteko aukera izan nezakeela; ikusi ez, lege antiterroristak ez duelako baimentzen. Baina azkenean ez ikusi eta ez hitz egin; atariraino baino ez didate utzi pasatzen».

Errepresioaren jo-puntuan

Minutuek, eta orduek, aurrera egin ahala, badator jende gehiago. Senitartekoak, lagunak, ezagunak... eta «zer gertatzen da hemen?» galde egiten duten kuriosoak bildu dira bi kale kantoitan. Eta emakume batek atxilotuaren aitari elkartasun eta animo hitz batzuk egin dizkionean -«ea zertan geratzen den»-, gizona lasai baina serio mintzatu da: «Txarrenerako prestatu beharra dago». Hitz gutxitan, asko bota du. Asko.

Miaketa luze doa oso. Gelbentzuri babesa erakustera joandakoen artean apenas dagoen beste komentariorik: «03.00etatik 11.00etara? Zertan ari dira?». Hori, eta ETAk jardun armatua amaitutzat jo zuenetik Gobernu espainola izaten ari den jarrera dute hizpide; eta Andoain errepresioaren jo-puntuan dagoela.

11.30ak ez direnean, jende gehiago iritsi da. Urnietatik datoz. Eta notiziak dakartzate. «Hamaikak aldera eraman dute Jon Lizarribar. Ertzaintza herritarrei oldartu zaie atera dutenean, gertutik agurtzen eta babesa erakusten saiatu direlako. Kolpeak-eta izan dira». Urnietarraren kasuan, bikotekidea eta hilabete gutxi batzuetako haurra etxean izan dira miaketak iraun duen zortzi orduetan.

Bederatzi ordu eta laurden

Baina Andoainen ez da amaiera arrastorik. Guardia Zibilaren zortzi patrol daude Gelbentzuren etxe inguruan, militarrak lasai ageri dira armak eskuan dituztela, solasean. Beste hainbat izango dira etxe barruan eta komunitateko garajeetan, baina horiek ikusterik ez dago.

Bi lan dituzte. Lehena, plazako portaletara doazen herritarrak gerarazi eta nora doazen galdetu, eta parking-era sartu nahi duten autoei aginduak eman. Eta bigarrena, Aiztondo kalean aparkatzen duen auto ororen gidariari agiriak eskatu, maletategia irekitzeko eskatu eta minutu eskasean miatu.

Eta halaxe, ohartu orduko, badoaz minutuak aurrera. Eta 12.10ean, mugimendua. Matrikula estalia duen autoa garajeetara sartu da, aurpegia estalia duten bi pertsona barruan direla, eta bost minutu beranduago badoa kanpora, patrol bat aurrean duela. Orduan hasi dira «Aupa Ruben!» oihuak eta lasterraldiak. Kolperen bat ere joan da auto kamuflatura.

Ordu laurdenerako, 12.30erako, militar guztiek alde egin dute. «Txarrenerako prest» daudenak bakarrik geratu dira.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo