GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Sendiak ere Ertzaintzaren izena zikindu nahi du?

Lakuako Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediak atzo Gasteizko Legebiltzarreko Segurtasun batzordean esan zuen Iñigo Cabacasen heriotza hutsegite deitoragarri eta konponezina izan zela. Barne ikerketa geldirik dago, baina sailburuak badaki «hutsegitea» izan zela, Martin Villak, Estatuko Barne ministroa zela, «gureak hutsegiteak dira, eurenak krimenak» zirela zekien antzera. Batzorde berean, Rodolfo Ares Barne sailburu ohiak ere esan zuen litekeena dela Ertzaintzak hutsegiteren bat egin izana, eta jarraian, defentsarik onena erasoa dela dioen esapideari helduz, EH Bilduri egotzi zion «Cabacas auzia» delakoa erabiltzea Ertzaintzaren izena zikintzeko. Eraso baldarra, inondik ere: Iñigo Cabacasen sendiak ere gertakariak eta erantzukizunak argitzeko eskatzeagatik Ertzaintzaren izena zikindu nahi ote du? Ez da egia, halaber, Ertzaintzak beti demokraziaren eta askatasunaren defentsan jardun duela, eta ez da egia ertzain batek ere ez duela kontzienteki minik eragiteko borondaterik. Azken adibideetako bat, hain zuzen, Iñigo Cabacas hil zuten gauekoa da. Besterik da ez zutela inor hilko zenik espero, baina ezbehar larriren bat gertatzeko arrisku handiaren jakitun egin zuten jendetzaren aurkako oldarraldia. Erantzukizunak argitzeko eskatzea ez da inondik inora Ertzaintzaren izena zikindu nahi izatea; horretarako, Ertzaintzak ez du inoren laguntza behar.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo