GARA > Idatzia > Kultura

Gabriel Aresti kultur elkartea jaio da, haren unibertsaltasuna eta ondare idatzia aldarrikatzeko

Gabriel Arestiren ondorengoek eta Zenbat Gara elkarteak osatu dute kultur elkartea berria, eta poetaren lana, unibertsaltasuna eta euskararekiko eta justiziarekiko zuen konpromisoa hedatu nahi dituzte.

p048_f01_149x93.jpg

Alvaro HILARIO | BILBO

Bilboko Kafe Antzokia izan zen Gabriel Aresti kultur elkartearen bultzatzaileek haren berri emateko haututako lekua. Ez zen kasualitate hutsa izan, Bilboko Kale Nagusian dagoen Gabriel Aresti euskaltegia bera baitugu, hain zuzen, elkarte berri honen jatorria: sortzaileen artean dugun Xabier Monasteriok azaldu zuenez, Gabriel Aresti kultur elkartearen partaide batek -Zenbat Gara- bertan dauka abiapuntua; eta bestalde, prentsaurrekoan izan ziren poetaren alarguna -Meli Estebaran- eta bere alabetako bat -Andere- euskaltegiko geletan ibiliak dira, bata ikasle moduan eta bestea irakasle.

Aurkezpen ekitaldi honetan parte hartu zuten, aipatutakoekin batera, «Gabrielen lekua» ikuskizun edo «sentikaria» sortze lanetan dabiltzan Andoni Egaña, Oier Guillan eta Rafa Rueda.

Egitasmo zaharra

Gabriel Aresti hil eta hiru urtera (1978an) irakasle talde batek sortu berria zen euskaltegiari poetaren izena ematea deliberatu zuten. Harrezkero, milaka dira bertan euskaldundu diren bilbotarrak.

«Azken urteotan, idazlearen urteurrenarekin bat eginez, `Harako Gabriel Aresti hartaz' izeneko zikloa antolatu izan du Gabriel Aresti euskaltegiak, haren bizitza eta lanak, gehienbat, ikasleen artean ezagutzera emateko asmoz», azaldu zuen Monasteriok. Hori dela-eta, olerkariaren «ondare literarioa kudeatzeaz eta haren itzal soziala zabaltzeaz arduratuko zen elkarte bat sortzea» premiazkoa zela ikusi zuten, eta asmo horrekin bat egin zuten bai Arestiren alargun Meli Estebaranek, bai hiru alabek eta bai Bilboko Zenbat Gara elkarteak.

Helburuak

Xabier Monasterio bera arduratu zen elkartearen helburu nagusiaren berri emateaz: «Gabriel Aresti Segurola bilbotar idazlearen ondare literarioa eta giza balioak zentzu orokor eta zabal batean ezagutaraztea, hiru oinarri ardatz hartuta: haren euskalduntasuna, unibertsaltasuna eta justiziaganako maitasuna».

Lan esparruak

Hiru ardatz horiek gogoan, hainbat lan esparru aurreikusi ditu Gabriel Aresti elkarte kulturalak: idazlearen ondare idatzia sailkatzeko eta antolatzeko lana; Arestiren idazlanak berrargitaratzeko eta edizio kritikoak egiteko lanak; poetaren ekarpenak iraganetik etorkizunerantz eramateko balio dezaketen era guztietako eguneratze lanak; eta ikus-entzunezkoez eta, oro har, teknologia berriez baliaturik, haren idatziak paperetik bestelako euskarrietara pasatzeko lanak.

«Gabrielen lekua», lau ikuspuntu, lau artista

Andoni Egaña bertsolaria, Oier Guillan olerkaria, Rafa Rueda musikaria eta Alain Urrutia margolaria ditugu «Gabrielen lekua» sentikaria prestatzen.

Egañak azaldu zuen ikuskizunaren helburua: «Helburua garbi zegoen, Gabriel Aresti eguneratzea. Urte hasieran hasi ginen lanean eta prozesua bera da bitxiena». Osagai nagusi bi izango ditu sentikariak: Arestiren lanaren ezagupena eta «lau artistok erantsi genezakeen sormena», gehitu zuen bertsolariak. «Gabrielen lekua» Arriagan estreinatuko dute, urriaren 29an; aurrestreinaldia, berriz, urriaren 12an izango da, Intxaurrondoko kultur etxean. A.H.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo