GARA > Idatzia > Kultura

Euskal Liburutegi Elebiduna Errumaniari begira jarri da

Bost liburu berri kaleratu ditu Atenea argitaletxeak Euskal Liburutegi Elebidunaren baitan. Horietatik bi errumarierara itzuli dituzte euskaran interesa duten errumaniarrek bi testuak konparatu ahal izateko eta, era berean, euskal lanek Errumanian hedapena izateko.
p046_f02.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Atenea Linguistika Aplikatuko Zentroak argitaratzen duen Euskal Liburutegi Elebidunak bost ale berri eman ditu, ezer kaleratu gabeko bi urteren ostean. «Elebidun» adjektiboa darama bildumak, baina, egia esan, eleanitza da, gero eta hizkuntza gehiagotara ari baitira itzultzen bertan jasotzen diren lanak. Errumaniera, adibidez, berebiziko garrantzia ari da izaten; jada sei liburu dira hizkuntza horretan publikatutakoak. Horregatik, Matilde Rovira Atenea argitaletxeko ordezkariak aipatu zuenez, Errumaniara bidaia egiteko gogoa dute.

Horrez gain, zenbait erdal hiztunek euskara ikasteko eskuliburuak ere argitaratu izan dituzte (gaztelania, errumaniera, errusiera eta ukraniera). Aurrerantzean iraniera eta ingelesa ere kontuan hartuko dituzte.

Euskal Liburutegi Elebidunaren helburua, euskara hedatzeaz gain, atzerrian euskal lanei bidea eraikitzea da. Guztira, 27 liburu daude bilduma eleanitzean, estilo oso desberdinekoak. Zerrenda horretara gehitu diren azken tituluen egileek euren lanen berri eman zuten atzo Donostian.

Juan Kruz Igerabidek bi poesia liburu eman ditu. Lehena, «Aienatze-marra» gaztelaniara eta errumanierara itzuli dute. Orrialde bikoitietan jatorrizko olerkia dago eta bakoitietan lehenik gaztelaniaz eta ondoren errumanieraz, Perla Braileanuk itzuliak. Igerabidek idatzitako beste liburua «Haur korapiloak» da, 1996an Pamiela argitaletxeak euskaraz argitaratua, eta oraingo honetan gazteleraz ere irakur daitekeena («Trabaletras»). Idazleak berak azaldutakoaren arabera, ume eta gazteei zuzendutako olerki eta asmakizunez osatuta dago, baina bigarren irakurketa bat dauka helduek ere gozatu dezaketena.

Igerabidek, gainera, Joxantonio Ormazabalen «Ilunorduak eta argilaurdenak» liburuaren hitzaurrea egin du. Ormazabalen ordez (2010ean zendu zen) haren lana itzuli duen Jose Luis Padronek hitz egin zuen. Honek «Penumbras y destellos» izena jarri dio gaztelaniazko bertsioari. «Giza existentziaz ari dira poemak -azaldu zuen itzultzaileak-, liburua xamurra, kritikoa, alaia, sakona eta gordina da, baina sentimenduz betetakoa».

Eleberri bat eta antzezlan bat

Poesiaren generotik at, Karlos Linazasororen eta Aizpea Goenagaren liburu bana ere itzuli dituzte. «Bestiarioa / Hilerrikoiak» Linazarosok lehen pertsonan idatzitako nobela da, bibliotekari baten abenturak ironiaz kontatzen dituenak. Euskarazko testuaren alboan, gaztelerazkoa txertatu dute («Bestiario / Florilegio del camposanto»).

Goenagaren «Acvatiul», berriz, errumanierara itzulitako antzezlana da («Arrainontzia», 2009). Gaztelerazko azalpenak ere ematen ditu oin-oharretan. Tratu txar psikologikoen gaia jorratzen du, eta «berak zikindutako uraz itotzen ari den» emakume bati buruzkoa da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo