Baxoa euskaraz izatea lortzeko, herritarrei dei egin diete
GARA | BAIONA
Joan den astean PSren egoitza aitzinean egindako ekimenaren haritik, Etxepare lizeoko ikasleek EHEko kideekin batera baxoa euskaraz egin ahal izateko exijentzia berretsi zuten atzo, Baionan.
Baxoa frantsesez egiteko eta ikasteko derrigortasunak eragiten dizkien «kalteak eta nahasmena alimalekoak» direla gogoratuta, beren hizkuntza eskubideak urratzen dizkietela ere gaineratu zuten. «Guk euskara hutsez ikasi nahi dugu, alemaniarrek, frantsesek, bulgariarrek edota norvegiarrek egiten duten bezala, hots, normaltasun osoz», nabarmendu zuten.
Bi aztergaietan (historia eta matematika) euskaraz egiteko aukera «oparitzat» aurkeztu izana deitoragarria da, beren esanetan, urteak pasatu arren beren eskubideak «etengabe urratzen» segitzen dutelako.
Herritarrei deia
Egoera «lazgarri» horren aitzinean, euskaldun eta euskaltzaleek «zer esan eta zer egin» badutela adierazi zuten: «Paris eta Madrilen diseinaturiko legeria menperatzaileei aurre egiteko bidean urratsak egiteko eta erabaki ausartak hartzeko, legeria zahar eta ustelak gainditzeko, inposaketa kudeatzen jarraitu ala geure bidea egin erabakitzeko».
Ildo horretan, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako ikasleek «indarrak batu eta herri presioa areagotzeko» deia helarazi zioten euskaldun eta euskaltzale orori.