Biga Bai-k eskola elebidunen sarean murgiltze eredua orokortu dadin nahi du
Ainize BUTRON | BAIONA
Biga Bai eskola publiko elebiduneko gurasoen elkarteak irakaskuntza sareak bizi duen egoera kezkagarriaren balantzea egin zuen atzo. Irakaskuntza elebiduna sustatzeko baldintza txarrek kalteak sortzen dituztela eta kalitatea apaltzen dutela eta frantses Hezkuntza Ministerioak baliabide eskasak ematen dituela salatu zuen Marie-Andree Ouret guraso elkarteko buruak. Egoera hori azaltzeaz gain, ibilmolde orokorrari buruz bi kezka zabaldu zituen: Irakaskuntza honek sortzen ote ditu gazte eta heldu elebidunak? zergatik lehen mailatik aitzina horren ume gutxik jarraitzen dute eredu horretan?
Ereduak dituen zailtasun horiei aurre egiteko, Biga Bai-ren erranetan, aterabide bakarra ama-eskolan murgiltze sistema hedatzea da, eta gurasoei deia zabaldu zien eredu hori eskoletan abian jartzeko eskaera egin dezaten. «Kalitatezko irakaskuntzak eta elebitasun sendo batek izan behar dute eragile publikoen helburua, eta horren araberako baliabideak ezarri behar dira. Beharrezkoa da, halaber, gurasoek beren aldetik neur dezaten zein eraginkorra den urtetako murgiltze hori, eta beren seme-alabentzat galdegin dezaten», adierazi zuen.
Eskola erritmoen erreforma
Eskola erritmoen erreforma 2014-2015 ikasturte hasieran jarriko da indarrean. Biga Bairen iritziko, ezinbestekoa da antolatuko diren kirola eta kultur jarduerak euskaraz egin daitezen bultzatzea.