GARA > Idatzia > Kultura

Pausoz pauso, Joareak astintzen ikasi dute beasaingo «zanpaldunek»

Urrunean zintzarri hotsak entzuten ditugu, behe-hotsak, erritmoari jarraituz, eta tartean iraganera eramaten gaituen albokaren deiak soinuaren norabidea aldatzen du. Orduan ideia bat etortzen zaigu burura: Joaldunak tartean badaude, herrian jai bat ospatzen ari diren seinale.

p044_f01.jpg

Nagore BELASTEGI

Iturengo eta Zubietako inauterietan omen dute jatorria joaldunek, baina Euskal Herri osoaren ezaugarri bilakatu dira, herri gehienetako ospakizunetan aritzen direlako zintzarriak astintzen. Herri batzuetan joaldun talde propioak dituzte, baina askotan Iturengoak eta Zubietakoak dira leku guztietako txokoak alaitzen dabiltzanak. Eskarmentu handien dutenak dira, argi dago, baina horrek ez du esan nahi euskal kulturaren parte den erritu horretan trebezia duten bakarrak beraiek direnik.

Gure lurraldeko zenbait tokitan «zanpantzar» izenarekin ezagutzen bada ere -leku batzuetan «ttuntturroak» ere bai, daramaten txanoagatik- izen ofiziala «joalduna» da. Joareak bizkarrean daramatzaten zintzarri handiak dira, beraz, «joaldun» zintzarri handi horiek daramatzana da. Hitz horiekin jolasean sortu zuten «Zanpaldunak», Beasaingo joaldun taldea, euren festetan parte hartzeko intentzioarekin. «Beasainen bazeuden dantzariak eta dantzariak, baina ez zanpantzar talderik. Jaietara etortzen zirenak Iturengoak ziren», kontatu zigun Unai Goikoetxea Zanpaldunak taldeko kideak. Halako batean, Matxinsalto Gazte Egunean lagun batzuekin zegoela, joaldun ikastaroa egiteko aukera izan zuten eta probatzera animatu ziren. Eta gustatu egin zitzaien.

Ikastaroa Laudioko talde batek eman zuen eta beraiek laguntza eskaini zieten beasaindarrei. «Esan genien talde bat osatzeko asmoa genuela, eta telefonoa eman ziguten, beraiekin behar genuenean harremanetan jartzeko», azaldu zigun Goikoetxeak. Ikastaroan parte hartu zutenek lagunei komentatu eta segituan onartu zuten proposamena. Zortzi lagun elkartu orduko deitu zieten laudioarrei, eta beste bitan elkartu ziren beraiekin jakin beharreko argibideak ikasteko.

«Zortzi gara bi ilara osatu behar direlako, eta hiru pertsonatako ilarak motzak iruditzen zaizkigulako», bota zuen. Hala ere, jende gehiagoren partaidetza asko estimatuko lukete. Izan ere, talde hasi berria bada ere, eskaini dizkieten zenbait emanaldiri uko egin behar izan diete egun horretan kideetako batek edo bik huts egingo zuelako. «Zortzi izanda justu gaude, batek ezin badu etorri ezin dugu atera. Ea jendea animatzen hasten den, eta 10-12 lagun elkartzen bagara, bi faltatuz ere atera gaitezke», aipatu zuen Goikoetxeak. Beraz, herritar guztiei animatzeko gonbita luzatu diete Zanpaldunek, haien esanetan denek baitakite nortzuk diren; gerturatu eta lasai asko esan zuek ere joareak astintzen ikasi nahi duzuela!

Jende bila ari zirela, bi neska erakarri zituzten ordura arte mutilez soilik osatutako taldeak. Horietako bat, gainera, hasi da entseatzen. Astero gelditzen dira, iluntzean, Beasaingo lizeoko patioan. Hasieran deserosoa egiten omen da zintzarri handiak astintzea, oso estu eramaten baitituzte, baina Unai Goikoetxearen ustez, erritmoa eramatea ez da zaila. «Zintzarriak mugitzea gerri joko bat da; pausoa ematean berez mugitzen dira, baina lortu behar dena kolpe lehor bat da. Ez du minik ematen, mina baino estutasuna da, hasieran agobiatu egiten zaitu-eta».

Baina joaldun izateko, borondatea izateaz gain, materiala ere behar da: gerri-bueltako larrua, joareak eta isipua (eskuan erritmoa markatzeko daramaten makilatxoa). Dotoreenek, horrez gain, ttuntturroa daramate buruan, koloretako zintez josia. Material horiek ez dira batere merkeak -400 euro inguru zintzarri pareak-, eta momentuz beasaindarrek ez dute ezer erosi, Laudioko taldeak utzitako larru eta joareak erabiltzen baitituzte. Hala ere, laster erostea espero dute Zanpaldunek, Beasaingo Udalarekin egiten ari diren hitzarmen bati esker.

Hasiberrien ilusioarekin, Zanpaldunek jada eskaini dute euren lehen emanaldia. Maiatzean ospatu ziren Loinatz jaietan, txupinazoaren ostean, herriko plaza zeharkatu zuten. «Oso urduri atera ginen. Plaza jendez bete-bete eginda zegoen, ez genekien ezta non sartu ere -aipatu zuen joaldunak barrez- baina lehenengo buelta eman eta gero lasai gelditu ginen». Beasaindar animoso hauek desiratzen daude berriro joareak astintzeko!

joaldunak bezala, inauteria zarataren bidez gurtzen duten europarrak
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo