GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KRONIKa | ekitaldi hunkigarria biarritzen

«Aske izateko joan ginen, eta aske izateko ari gara itzultzen»

Malko ugarirekin eta zapore goxoarekin batera, esaldi borobil asko utzi zituen Biarritzeko ekitaldiak. Goiko lerroburukoa, esaterako, baita ia bi orduz luzatu zen jarduna itxi zuena ere: «Ez dugu beldurrik, ez dugu lotsarik, nor geran, zer geran aitortzeko». Ehun iheslari inguruk abiatu zuen kantua, Irati erakustazokan bildutako 4.500 lagunek buka zezaten. Herriaren hatsa bilatzen zuten, eta are gehiago, askatasun haizea, hartu zutela onartu zuten hunkiturik.

p004_f03_2679.jpg

Ramón SOLA | I. ALTUNA

Urte asko eta asko Euskal Herritik fisikoki urrun egon diren iheslari politikoei kosta egin zitzaien malkoei eustea. Baina ez ziren oholtza gainean begiak bustirik ageri ziren bakarrak, Irati erakustazoka lepo betetzen zuten 4.500 lagunen artean ere hunkimena nabaria zen. Izan ere, askotan behar baino ezkutuago izan den iheslarien egoera guztion aurrean jarri zen atzo, inoiz baino biluziago, eta hor askatu ziren denbora luzetan gordetako emozio guzti-guztiak.

Ordu eta hiru ordu laurdeneko ekitaldia izan zen (aurretik, gainera, ordubeteko atzerapena gertatu zen, alde batetik Oiartzunen Guardia Zibilak jarritako kontrola eta bestetik Biarritz inguruan sortutako auto pilaketak zirela-eta). Baina arin-arin joan zitzaien denbora ``Herria dugu arnas'' deitutako ekitaldira hurbildutako guztiei. Jarduna josi zuen haria iheslariaren errealitatearen antzezpena izan zen. Musika doinuz lagunduta eta bost pasadizotan banatuta, sentimenduz betetako laburpena egin zuten oholtza gainean, ihesari ekin behar dion neska baten bitartez. Lehen atalean, etxean pasatutako azken gaua irudikatzen zen; bigarrenean, atzerrian jasotako harrera; gero, odolekoa ez den «familia» berrien laguntza; harago, urteak pasa ahala erbesteratuaren gogoan sortzen diren sentimendu gogorrak; eta azkenik, itzulera. «Aske izateko joan ginen, eta aske izateko ari gara itzultzen, denok izan gaitezen libre!», oihukatu zuen neska iheslariak.

Deserriaren bidaia luzea izan da, izaten ari da oraindik. Ez zuten ahaztu lagun askok ezin izan dutela betearazi bosgarren atal hori, itzulera alegia. Baina minutu bateko isilunea egitea baino, minutu hori beren mezua zabaltzeko baliatzea nahiago zutela aipatu zuten Jon Garmendiak eta Lurdes Mendinuetak, Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboaren izenean. Beren ekarpena laburbildu ondoren, espainiar hedabideetan egin diren irakurketa okerrak errefusatu zituzten: «Gobernuekin hitz egin nahi genuela esan dute, baina ez da horrela. Guk herriarekin hitz egin nahi dugu, zuekin. Guk zuen beharra dugu».

Lotura hori argi gelditu zen jarraian, oholtzatik iheslariek ``Lepoan hartu eta segi aurrera'' kantu aski ezagunari ekin ziotenean, nondik eta esaldi esanguratsu batetik: «Ez dugu beldurrik, ez dugu lotsarik, nor geran, zer geran aitortzeko». Ozen eta gustura hartu zieten txanda aretoa betetzen zuten guztiek, eta Pantxoa eta Peio ere hurbildu ziren mikrofonora. Bukaera ezin hobea izan zuen ekitaldiak honekin.

Iraganetik gaurdaino

Formatu ezberdinak eta berritzaileak erabili zituzten antolatzaileek iheslarien egiak agerrarazteko. Arestian aipatutako antzezpenaz gain, aspaldiko irudiak, baina oraindik ere indar handikoak, pantailaratu ziren: esaterako, 70eko hamarkadan euskal errepresaliatuak Yeu irlara iristen, konfinatuta, Jose Miguel Beñaran Argala buruan delarik. Horiekin batera, aspaldi ihesari buruz hausnarketa egiten zuten hainbat euskal borrokalariren hitzak eta irudiak: Josu Muguruza, Elena Beloki, Alberto Lopez de Lacalle, Jose Manuel Pagoaga Peixoto...

Deportatuak azaldu ziren gero aretoko pantaila handian, agur beroa jasoz. Kuban daudenek zein Kabo Berdekoek antzeko mezua eman zuten: hartutako bidea zuzena eta egokia dela, batasunaz ibili behar dela eta Euskal Herriarengan konfiantza osoa dutela.

Hain zuzen, Kuban urte luzez dagoen Txutxo Abrisketaren semeak, Xabier Tubal Abrisketak, hartu zuen hitza gero, errealitate hori iheslari eta deportatuen seme-alaben begietatik ikustarazteko. Polizia frantsesa etxean sartu zen eguna ekarri zuen gogora, hortik egun gutxi batzuetara aitak egindako deia -Panaman zegoela jakinarazteko- eta geroko urte askotako seme-alaben galdera etengabea: «Aita, noiz itzuliko zara?». Berak «Euskal Herria askatzean» erantzun ohi zien, eta horretarako asko ikasi behar zutela aholkatzen zien ere.

Atsedenik eman ez zuen ekitaldian, beste ustekabe bat Joseba Sarrionandiak bidalitako gutuna izan zen. Amets Arzallus bertsolariak irakurri zuen. Atzerritik, mezu nagusia zekarren Durangoko idazleak: «Eskerrik asko». Deserriak iheslariaren gogoan eragiten duenari buruz hausnarketa egin zuen Sarrionandiak, baina batez ere aterpea ematen diotenen ingurukoa. «Ateak zabaltzen dituen jendea beharrezkoa da ateak ixten dituen jendea dagoenean», aipatzen du gutunak.

Pilatzen zihoazen sentimendu guztien artean, umorea ere ageri zen. Esaterako, Arzallusek Sarrionandiak ezin zuela Biarritzera agertu baina bafleetatik gauza asko atera daitezkeela esan zuenean. Jendetzaren barre algarak erakutsi zuen Martuteneko ihesaldi hura ez dela ahaztu.

Ipar Euskal Herrian emandako laguntzaz ere luze mintzatu zen. Sostengu komiteetako hiru ordezkarik azken hamarkadetako bilakaera aztertu zuten. Hasteko, 1936ko ihesa eta 60ko hamarkadakoa lotu zituzten, bigarrenak oraindik elkartasun handiagoa jaso zuela esanez, batetik Francok eragiten zuen haserrea handia zelako eta bestetik Enbatak abertzaletasuna berrindartu zuelako. Gero etorriko ziren lehenengo konfinamenduak, gerra zikin odoltsua, estradizioak, kanporatzeak, atxiloketa masiboak, euroaginduak... baina elkartasunak ez du etenik izan. Atzokoa lekuko.

Zuhaitza eta aulkia

Agertokiak ere bazuen zeresanik. Lorez zipriztindutako belardi bat jarri zuten oholtza gainean. Erdian paratu zuten lau metroko zuhaitz bat, haritz gazte bat. Kimua hartu zuten iheslariek. Nolabait, zuhaitzak handitzen eta handitzen segitzen duela, belaunaldien arteko etenik ez delako gertatu, baina birlandatu beharra dagoela, aditzera eman zuen metaforak.

Hutsik zegoen aulkia ere bazen oholtzaren izkina batean. Bukaeran iheslariek hitza hartu zutenean, erdian kokatu zuten, haien ondoan, eta horrela gertatuko da aurrerantzean egiten dituzten agerraldi orotan. Falta direnen zain daudela adieraziz.

HEDABIDE ASKO

Kazetari ugari, tartean Madrildik etorritakoak, agertu ziren Biarritzeko ekitaldira. Argazkilari andana ere bai, antza itzul litezkeen iheslarien irudiaren ehizan. Didier Borotra alkatea bertan egotea izan zen gero harrigarri egin zitzaiena.

ITALIATIK OHOLTZARA

Azken aste eta hilabeteotan urrutitik bueltatzen ari diren zenbait iheslari politiko bildu ziren ekitaldian. Nabarmentzekoa da horietariko bat atzo bertan heldu zela Euskal Herrira Italiatik, hain justu ere oholtzara igotzeko unean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo