GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Kontzertuak dantzan jarri

Aitor dut, aitorpena egiteko garaia denez, Greziako azkenari begiratuak ez nauela utzi Loten emaztea legez, hots, harrituta. Ezer gutxik harritzen nau, besikulan ez bada. Hedabide publikorik gabe geratu dira han di-da batean. Pantailan kolore beltza da harrezkero nagusi kate publikoan, pribatuetan ortzadar transgenikoa nagusi den bitartean. Hau kolpea! hango lagunek ulertu dute behingoz kate hitzaren adiera. Iritzien kate trofikoa atera da galtzaile. Kateak kate. Katekesia gogoan, demonio! Hortaz, troikaren manukoak izanda ere bazuten hango agintariek gauzak beste moduan egiteko aukera; kontuz! agintari berba hizkeraren komodin modura erabili dut oraingoan, ez aditzaren nominalizazio modura. Aditzak ez baitu beti hitza agintzen. Bai, Tolosako Txotxongilo Museoak ez ditu goi-politikan aritzen direnak erakusten, ezta hurrik eman ere! Tira, Greziako harira! Gobernuko manukoek hedabidea ixteko bidean gure beheko Estatuko trantsizioa hartu zezaketen erreferentzia, eta egun batetik bestera itxi ordez, apurka-apurka joan ixten. Esaterako, programazio guztia aitaren batean kenduta ere, iragarkiak behintzat hilabete batzuetan utzi, nahiz eta kate pribatuen programazioaren iragarkiak izan! Trantsizioa, demontre! Ama, ama! Akropolia saldu beharko omen dute han. Diputatuen Kongresua gure beheko horretan. BEC euskal erregioan. Ongizate Estatua bera aspaldian saldu zuten eta.

Tira, gatozen Herrira! Cirque du Soleilek lortu du azkenean izena eta eguraldiaren izana bat egitea. Ez dezatela karpa kendu, badaezpada ere! Badirudi gauean ostargiak agertu izanak klimax politikoa astindu duela, politikaren zerumugara ostarteak ekarriz. Errenkan datoz gauzak egunotan, batzuk herrenka eta beste batzuk herrestan etorri arren. Gutxienez, etorri badatoz! Hortaz, harri ibiliak goroldiorik ez! Loten emaztea berriz ere gogoan! Ez naiz gauza datorren guztia ordenatzeko, gaindituta nago. Zer edo zer entzun dut zoru etikoen klausulaz, bertan behera-edo utzi dutela bankuek... ba ote dakizu zerbait horretaz? Eta Kontzertuarena? Kutxabank Life programan sartuko ote? Edozelan ere, gauza bat aitortzen ere amaituko dut gaurkoa, ezin ukatu Euskal Kontzertu horrek lortzen duela bestelako kontzertuek lortu ezina dutena, eragile politikoak dantzan jartzea! Ez da gutxi, immobilismo garaian!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo