BERRIA, Amagoia Iban 2013/6/11
Hainbat zoruzale
Arantza Quirogak «zoru demokratikoa» ez ahanzteko eskatu dio Iñigo Urkulluri. ETAko presoek ez dute tokirik zoru horretan, hamaikagarren aldiz errepikatu duenez. ETAren biktimak goratzea da iparrorratz nagusia, eta, bide batez, presook alfonbra demokratikoaren azpiko sotoan gordetzea. Euskal Herrian izandako iheslari politiko bakarrak ETAk eragindakoak direla ere esan du PPko EAEko buru berriak. Ia inork ez dio kargurik hartu etikaren izenean, inor gutxik eskatuko dio gutxieneko errespetua Francoren, segurtasun indarren, BVEren, Triple Aren, GALen eta besteren biktimekiko. Horiek ere gorde beharrekoak dira, izan ere, non eta ahanztura historikoaren bernizaren azpiko sotoetan.
Elkarbizitzarako keinuak eta politikak mahai gainean jartzeko garaiotan, zer pentsatua eman behar liguke denoi bere sotoetan hainbeste min ezkutatu behar duen demokraziak.