GARA > Idatzia > Mundua

50.000 erabiltzaileren datuak eskatu dizkiete AEBek Microsofti eta Facebooki

p030_f01_148x108.jpg

GARA |

Edward Snowden 29 urteko analista gazteak jakinarazi zuenetik AEBetako inteligentzia zerbitzuek urteak daramatzatela kanpoko eta etxeko herritarrak zelatatzen, gaiaren inguruko berriek ez dute etenik. Microsoft eta Facebook konpainiek jakinarazi dute agintariek 50.000 erabiltzaile ingururi buruzko informazioa eskatu dietela.

Bi konpainiek gauzak argitzeko egindako urrats moduan aurkeztu dute azken orduetan emandako informazioa, baina begiraleak ez dira konforme geratu. Izan ere, Facebookek jakinarazi du zenbat informazio eskari egin dizkion AEBetako Gobernuak (ia 10.000 eskari, 19.000 konturen inguruan), baina ez du argitu nork eskatu dion zer. Etxe Zuriak baimendu du datu horiek ematea, baina hortik aurrera ezer eransterik ez dute konpainiek.

Google eta Twitter konpainiek jakinarazi dute datu horren berririk emateko asmorik ez dutela, gauzak argitu beharrean, beren intimitatea bortxatuta ikusi duten erabiltzaileen konfiantza berreskuratze aldera, gehiago nahasten dituelakoan. Beraiek diote arloka bereizi behar direla eskariak, NSA Segurtasun Nazionaleko Agentziak eskatutakoak zeintzuk diren jakiteko.

Facebooki ia 19.000 erabiltzaileren datuak eskatu dizkio Gobernuak, eta Microsofti 32.000 erabiltzailerenak.

AEBek herritarren komunikazioak zelatatzen badituzte, Indiak ere gauza bera egiten du. Telefono deiak, mezuak, posta elektronikoa eta sare sozialetako elkarrizketak bereganatzeko sistema bat jarri du abian Gobernuak, segurtasun agentziek herritarrek zer esaten duten jakiteko aukera izan dezaten.

Maiatzean egin zituen lehen urratsak sistema berriak, ez kalean ez Indiako Parlamentuan gaiaren inguruko eztabaidarik egin ez den arren. 73 milioi dolarreko aurrekontua du eta egoitza nagusia New Delhi hiriburuan dauka.

Orain arte, segurtasun agentziek pertsona jakin baten sareko jarduera monitorizatzeko eskariak egiten zizkieten telekomunikazio konpainiei. Orain eskaria egiten ibili beharrik ez dute izango, sistema berrira lotuta baitaude Internet eta telefono konpainiak. Hemendik aurrera, zuzenean har dezakete edozein komunikazio, «segurtasunaren» izenean.

«Pribatutasuna» babestuko du sistema berriak, agintariek adierazi dutenez, baina adituek ez dute uste horrela gertatuko denik. «Komunikazioak zaintzeko aurrekaririk gabeko boterea hartu du Indiako Gobernuak», esan du Pavan Duggal abokatuak. Bere ustez, sistema berriarekin pribatutasuna bortxatzeko aukerak izugarriak dira. Gogorarazten du Konstituzioak pribatutasun eskubidea aipatzen badu ere, eskubide hori arautuko duen legerik ez dagoela, eta azkenean segurtasunak izaten duela beti lehentasuna.

Hong Kongen 900 pertsona elkartu ziren atzo Snowden analistari babesa emateko. AEBek hirian duten kontsuletxeraino joan ziren manifestariak, Snowdenen aldeko eta Obamaren aurkako mezuak oihukatuz. Hirian bizi diren estatubatuar batzuk ere bertan izan ziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo