GARA > Idatzia > Ekonomia

Baionaldeko CGT-ko idazkari berriak ez du nahi LABekin elkarlanean aritu

p023_f03.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Marie-Pierre Claerbout Baionaldeko CGTko idazkari izendatu berriak LAB sindikatuarekin ez duela «elkarlanik izan nahi, ezta sindikatuen arteko ekimenetan ere» adierazi du «Euskal Herriko Kazetak» egindako elkarrizketa batean.

Alain Duzert ordezkatu duen sindikalistak gogoratu du duela urte eta erdi berriro aztertu zutela gaia Pirinio Atlantikoetako departamenduko egituretan. «Gure arteko aurkakotasunak adostasunak baino garrantzitsuagoak» dira, esan du Claerboutek, CGTk jarrera politikorik gabe estatu osoko eremuan diharduela nabarmenduta. «Ez gara lurraldeka kokatzen», gaineratu du.

Indarrak batzeko premia

LABen iritziz, ordea, «langileen eskubideak defendatu nahi badira, CGTk elkarlanean aritzea beste erremediorik» ez duela erantzun du. Eñaut Aramendik aitortu du «ikuspegi desberdinak» dituztela, lan-harremanetarako Euskal Herriko eremu propioaren edo berezko lurralde elkargo baten eskaerei dagokienez, esaterako.

Alta, langileen interesak defenditzeko, «are eta gehiago une hauetan», indar guztiak batzea ezinbestekotzat jo du.

CGTren ordezkariaren adierazpenak gorabehera, berez, elkarlan hori aspalditik existitzen dela, eta hainbat esparrutan, -Garapen Kontseiluko lanetan, adibidez- egonkortzen ari dela gaineratu du LABeko bozeramaileak.

Bere aburuz, CGTk barne kontraesanak ditu, bere kide asko inplikatzen baita lurralde honetako arazoetan: «Bake prozesua sustatzeko lanean edo Lurralde Elkargoaren alde sindikatu horretako hainbat kide erabat inplikatuta daude». Horiek horrela, CGTk ezingo diola ukapen ildo horri eutsi uste du Aramendik, «ez bederen, langileen alde jardun nahi badute».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo