GARA > Idatzia > Kultura

kronika | egia auzoaren mapeo kolektiboa

Tabakalerak egiatarrak behar ditu eta egiatarrek Tabakalera

Tabakaleran martxan den kultur proiektuko kideek auzotarrekin batera hiru orduko ibilbidea egin zuten atzo, erabiltzen ez diren tokien eta egiatarren beharren bila.

p052_f02.jpg

Ane ARRUTI

Auzoa aprobetxatzea, dagoena babestu eta hobetzea, hori da Donostiako Tabakaleratik bultzatu nahi dutena, eta horretarako Egiako talde eta eragile sozial eta kulturalekin elkartu ziren atzo, auzoak dituen baliabideak eta beharrak ezagutzeko eta elkar nola lagundu dezaketen ikusteko.

Bertan izan ziren, besteak beste, Egia Bizirik auzo elkartekoak, Porrontxo jaietako kideak, Dandai emakume taldea, Reflex espazioko lagunak, Ipar Grafikakoak, Lakuntza hizkuntza eskolakoak, auzoko musikarien elkartekoak eta guztiak batzen dituen Egia Berpiztu taldekoak.

Bitartekari lanetan aritu den Paisaje Transversal plataformako Jon Agirre Suchek azaldu zuenez, «Tabakalera hirira irekitzea lortu nahi da eta elkarlana sustatzea». Maiatzean abiatutako prozesuak aurrera jarraituko du, eta atzo ateratako ondorioekin, toki eta erabileren katalogoa egitea izango da hurrengo lana.

Tabakalerako kultura zuzendaria den Ane Rodriguezek ere oso positibotzat jo zuen ekimena, «auzoa eta auzotarrak ezagutzeko oso interesgarria izan da. Gehiagorako gogoarekin gelditu gara baina hasteko oso positiboa izan da bai ekimena eta baita auzotarren inplikazioa ere».

Beharren zertzelada batzuk izateko aukera izan zen ibilbidean, «lokal hutsen kartografia egiteko ez du denbora eman adibidez, eta hori ere egin nahi dugu», azaldu zuen Rodriguezek. Beharren artean, kontzertu eta entseguetarako espazioak, haurrentzat egokiago liratekeen plazak eta kultur ekintzetarako leku propio bat nabarmendu zituzten, azken hori, adibidez, Onkologiko zaharrean edo Mundaizko pabiloietan.
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo