Lur Etxeberria Iradi | Sorturen Politika Feministako lantaldea
Zaintza partekatua. Hausnarketarako elementuak
Ez da zilegi haurrak gurasoen arteko gatazkaren erdigunean jartzea egungo egoeran itota gaudelako. Bestelako konponbideak behar ditugu Zaintza partekatuaren alde gaude, gurasoek adostutakoa baldin bada. Baina horrek ez du esan nahi lege-proposamen honen alde gaudenik
Gasteizko Legebiltzarrean Kidetzak, EAEko banandutako gurasoen elkarteak, herri ekimen legegile bat aurkeztu du 80.000 sinaduratik gora bilduta, gurasoak banantzen eta ados jartzen ez diren kasuetan haurren zaintzarekin lotutako gaur egungo arauak aldatzeko helburuarekin. Lege-proposamen honek kontrako eta aldeko jarrerak sortu ditu, norberaren egoera eta bizipenak askotarikoak baitira, eta nahasmena eta jakin-mina ere eragin ditu. Horretaz jakitun, Sortuk gai honen inguruan bere posizioa erabakitzeko eztabaida irekiko du. Gaurkoan, baina, Politika Feministaren lantaldetik gaia kokatzen laguntzeko eta hausnarketa sustatzeko elementu batzuk mahai gaineratu nahi ditugu.
Lege-proposamena defendatzen dutenek diotenaren arabera, badirudi gaur egun banantze kasuetan zaintza partekatua gauzatzea ezinezkoa dela. Hori ez da horrela, ordea. Gaur egungo araudiak posible egiten du haurren zaintza partekatua. Haurraren ongizatea hartzen da ardatz, eta horrenbestez, gurasoak ados jartzen ez diren kasuetan, egoera bakoitza aztertzen da, haurraren beharrizanei ondoen erantzungo dien konponbidearen bila. Ez dago haur guztientzat egokiena izan daitekeen konponbide estandarrik, ez dago arau orokorrik. Esandakoa, kasu bakoitza aztertu egiten da.
Zaintza partekatua deitu dioten lege-proposamenarekin bi aldaketa nagusi egin nahi dira bereziki, gurasoak ados jarri ez eta epaitegietara jotzen duten kasuetan. Batetik, haurraren zaintza partekatuaren formula lehenestea eta modu orokorrean aplikatzea, hau da, zaintza partekatua izatea araua eta ez salbuespena. Bigarren aldaketa nagusiak etxebizitzari eta haurren pentsioei egiten die erreferentzia. Kidetzak dio haurren zaintza eta etxebizitzaren erabilera lotzea akats larria dela, ahalbidetzen duelako gurasoetako batek etxea bereganatzea haurra berarekin dagoen aitzakian. Elkarte honen begietara, emakumeak posizio pribilegiatuan ezartzen ditu haurren zaintza etxebizitzaren erabilerarekin lotzeak, eta haurren zaintza etxebizitzarekin geratzeko aitzakia modura erabiltzen dutela salatzen dute. Errealitateak besterik erakusten du, ordea, pobreziak gehien eragiten dieten familia unitateak guraso (emakumezko) bakarreko familiak baitira. Horrenbestez, lege honen bidez haurren zaintza eta etxebizitza erabiltzeko eskubidea bereizi egin nahi dituzte eta banantze kasuetan etxebizitza saltzea arautu, irabaziak gurasoen artean banatzeko.
Ezin ukatuko dugu bikoteak banantzen direnean zailtasun ekonomikoak areagotzen direnik, are gehiago kapitalismoaren ziklo basati honetan, baina zaintza partekatua deitu dioten lege-proposamena ez da arazo horren konponbidea, ez da zilegi haurrak gurasoen arteko gatazkaren erdigunean jartzea egungo egoeran itota gaudelako. Bestelako konponbideak behar ditugu.
Aurrekoarekin lotuta, kontuan hartu behar da emakume gehienak desabantaila egoera batetik abiatzen direla, ohikoa baita banantze unera arte ere emakumeak izatea haurren zaintzaren ardura nagusia izan dutenak; eta horrek lan merkatuan bigarren mailan kokatu ditu. Esan nahi baita haurrak zaintzeko lanaldia murrizten duten %93 emakumeak direla, haurrak zaintzeko eszedentziak hartzen dituzten %90a eta asko direla haurrak zaintzeko eta familiaz arduratzeko lanpostua uzten dutenak.
Gaiari dagokion dimentsioa emateko, bestalde, kontuan hartu behar dugu lege honek adostasunik lortzen ez duten gurasoen banantze-kasuei egiten diela erreferentzia, hots, epaitegietara jotzen duten gurasoei. Bada, banantze-kasuen herena dira gutxi gorabehera, gainontzekoak modu adostuan burutzen dira. Horrek esan nahi du haurren zaintzaren inguruko erabakiak ados- tasunez hartzen dituztela guraso gehienek eta, erabakiak adostasunez hartzen diren kasuotan, amek hartzen dute haurren zaintzaren ardura nagusia ia beti (kasuen %93an). Epaitegietara jotzen duten gurasoen kasuan, bestalde, hamar aitatik bi dira haurren zaintza eskatzen dutenak eta hamarretik zazpik ez dute eskatu ere egiten.
Zaintza partekatuaren alde gaude, gurasoek adostutakoa baldin bada. Baina horrek ez du esan nahi lege-proposamen honen alde gaudenik. Zaintza partekatua gauzatzea konplexua da eta banandutako gurasoen artean komunikazio eta afinitate maila handia eskatzen du, haustura-kasu askotan gertatzen ez dena, are gutxiago epaiketetan bukatzen duten kasuetan. Baina, batez ere, zaintza arduratsua defendatzen dugu, haurren zaintza partekatua izan nahiz guraso bakarraren esku egon. Edozein neurri hartzen dela ere, haurren beharrizanak eta interesak lehene- tsi behar dira. Horrenbestez, ez da zaintza partekatua lehenetsi beharrekoa, kasu batzuetan aukerarik egokiena izan baitaiteke baina ez beti. Haur bakoitzak mesedegarriena zaion zaintza motarako eskubidea dauka eta, esan bezala, gurasoak ados jartzen ez diren kasuetan, egoera bakoitza aztertzea eskatzen du horrek.
Era berean, haurren zaintzaz eta heziketaz amek ez ezik aitek ere arduratu behar dutela defendatzen dugu. Baina ez da bidezkoa zaintza partekatua lehenesteko argudio gisa emakume eta gizonen arteko erantzunkidetasuna erabiltzea. Zaintzak partekatua izan behar du, ez bikotea banantzen den unetik, haurra jaiotzen den une beretik baizik. Bikotearen haustura ezin da zero puntu gisa hartu, ordura arte bakoitzaren ardurak eta lan-banaketa kontuan hartu behar dira nola jarraitu baloratzeko orduan. Aitatasuna eta amatasuna ez dira hasten bikotea banantzean.
Hausnarketarako elementu hauek eztabaida eta hausnarketa arduratsua egiten lagunduko digutelakoan, agur bero bat.