Pekinek txinatar gazteei eraso egin zietenak zigortzeko exijitu dio Parisi
Txinako agintariek Bordele inguruan sei txinatar ikasle (horietako bat oso larri dago) jipoitu zituzten pertsonak Justizia administrazioaren aurrera eramateko exijitu diete frantsesei. Gainera, txinatar herritarrak babesteko neurriak har ditzan eskatu dio Pekinek Parisi.
GARA |
Txinatik Bordelera etorritako sei ikasleak ardogintza ikasten ari dira eta horrexegatik aukeratu zuten eskualdea beren bisita egiteko. Baina joan den ostiralean, Bordele inguruko herri txiki batean mozkor-mozkor eginda zeuden pertsona batzuek jipoitu egin zituzten txinatar gazteak, horietako bati zauri larriak eraginez, eta Manuel Valls frantses Estatuko Barne ministroak berak onartu behar izan du xenofobia kasu bat izan zela.
Txinan bertan sekulako haserrea eragin du berriak, France Presse agentziak banatutako informazioaren arabera. Blogariek, batez ere Txinako goi karguen seme-alabek dituzten blogek, inolako disimulurik gabe adierazi dute beren haserrea.
Poliziak jakinarazi duenez, erasoaren ondoren bi lagun atxilotu zituzten. Larri zauritutakoari beirazko botila batekin jo zioten aurpegian, bertsio ofizialaren arabera.
Enologia ikasketak egiten ari dira biktimak. Izan ere, ardogintzak gora egin du azken urteotan Asiako herrialde erraldoian. Horren eraginez, frantses estatuko ardoen hirugarren merkatua da gaur egun Txina, eta txinatar inbertsiogileek dozenaka chateaux izeneko landetxe erosi dituzte estatuan.
Landetako Hostens herrian gertatu zen erasoa. Hiru lagun izan ziren erasotzaileak, nahiz eta Poliziak bi besterik atxilotu ez dituen. Hori bai, mozkor-mozkor eginda zeudela zirudien, hedabide ezberdinek jakinarazi dutenez.
Ez da harritzekoa berriak Txinan sekulako haserrea eragitea. Herrialde hartan gehien erabiltzen den sare sozialean, Weibo izenekoan, makina bat herritarrek salatu zuten gertatutakoa. Blogari batek idatzi zuen «Frantziaren izena erabat kaltetuta» dagoela erasoaren eraginez, eta beste batek Europako Mendebaldeko herrialdera bisitarik ez egiteko eskatzen zuen: «Frantzia gero eta arriskutsuagoa da guretzat -zioen blogariak Sina Weibo sare sozialean-. Bertara joan aurretik gauzak oso ondo neurtu behar ditugu, eta ahal baldin bada, Frantziara joan gabe geratu. Beste edozein herrialde hobe da guretzat».
George Jousserand ikasleak hartzen zituen heziketa zentroko zuzendariak jakinarazi du biktimetako bat Txinako hiri handi bateko alkate ohi baten semea dela.
Txinatar hedabideek ez dute datu hori aipatu ere egin. Izan ere, horrelako bidaiak egitea gutxi batzuen esku dago gaur egun, goi karguen familiakoen esku hain zuzen, eta horrexegatik herritar gehienek ez dituzte onartzen. Hedabideek horregatik ez dituzte horrelako datuak eskaintzen.
Txinako aberats askok Paris aukeratzen dute azken urteotan ezkontzeko, baina behin baino gehiagotan oso gaizki tratatu izan dituzte, hedabideek salatzen dutenez. Datu ofizialen arabera, estatuak milioi bat txinatar turista hartzen ditu urtean.