sokatira
Goiherri A taldeak irabazi ez arren, lehen postua sendotu egin du
J.L.
640 kilokoan bigarren jardunaldia oso orekatua eta berdinketa askokoa izan zen. Herenegun jokatu zen Martiartun, eta irabazi ez arren, Goiherri A taldeak sailkapen nagusiko lehen postua sendotu egin zuen.
Normalean ez da gertatzen, baina herenegun lau talde geratu ziren berdinduta. Goiherriko bi taldeek eta Mutriku eta Gaztedi A taldeek berdinduta amaitu zuten jardunaldia, eta honek Goiherri A taldeari egiten dio mesede, saio bakar baten faltan aurrean jarraitzen du, eta pasa den astean zituen aldeei eustea lortu du.
Saioa oso polita izan zen, taldeen arteko dema ikaragarria izan baitzen, baina ezer erabaki gabe geratu zen, eta dena azkeneko jardunaldian zehaztu beharko da, nahiz eta Erandioko taldeak denboraldiko bigarren txapela ere bideratuta utzi duen.
Azkeneko bi postuetan ere lehen jardunaldiko emaitza errepikatu zen. Gaztedi B taldeak Getxori irabazi zion, eta azken hauek berriro ere tiraldi guztiak galduta amaitu zuten, eta oso zaila izango dute, gainera, azkeneko postu hori uztea.
Sailkapen nagusiari begira jarrita, Goiherri B taldeak lehenengo jarraituko du, eta bigarren postuan, berriz, berdinduta jarraituko dute Mutrikuk eta Goiherri B taldeak. Laugarren, berriz, Gaztedi A taldeak jarraituko du. Dena erabakitzeko dago, eta azkeneko saioak berebiziko garrantzia izango du, hantxe erabakiko baita dena. Azkeneko bi postuak, berriz, erabakita daudela dirudi, izan ere, bi puntuko tartea kentzen dio Gaztedi B taldeak Getxori, eta azkeneko jardunaldian ezuste asko gertatu beharko lirateke, Getxok Gaztedi B taldeari aurre hartzeko.
Hirugarren eta azken jardunaldia ekainaren 22an Leioan jokatuko da, eta hantxe geratuko da dena erabakita. Saioa 17.30ean hasiko da. Hori amaitutakoan, 600 kiloko lehiaketa hasiko da, eta pisu horretako lehen jardunaldia ekainaren 29an izango da.