GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

alpinismoa | Alaskako denboraldia

Mt. Laurens eta Denali mendiak eskalatzeko bi ikuspegi ezberdin

Mark Allen eta Graham Zimmermanek bide berri teknikoa sortu berri dute oso ezezaguna den mendi batean: Mt. Laurensen. 67 orduko eskaladan bi bibak egin zituzten. Zailtasunak: V, A1, AI4, M7. Talde italiar batek, berriz, Denali mendian igoera azkarra egin du.

p038_f01.jpg

p038_f02.jpg

p038_f03.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Alaskako mendietan egiten ari diren jardueren inguruan gero eta berri gehiago jasotzen ari gara. Lerrootan, adibidez, Mt. Laurens eta Denalin sinatu diren bi eskalada aipatuko dizkizuegu. Bi eskalada bai, baina filosofia erabat ezberdinarekin.

Alde batetik, alpinismo teknikoaren ezaugarriak dituen erronka bat dugu. Bestea, berriz, azkartasunean oinarritzen den aktibitatea. Biak ala biak arras ezberdinak, baina egun mendizaletasunaren panoraman lekua partekatzen dutenak.

Lehenbiziko protagonistak Mark Allen eta Graham Zimmerman ditugu. Bi alpinista estatubatuar hauek jarduera ederra egin dute batere ohikoa ez den eremu batean: Laurens mendian. Protagonistok bide berria zabaldu dute mendiaren ipar-ekialdeko murruan: V, AI4, M7, A1. Aitortu behar da xede hau borobiltzea kosta egin zaiela; izan ere, hiru saio behar izan dituzte.

Aurreratu dugun bezala, Laurens mendiak apenas bisitarik duen. Horren isla da Allen eta Zimmermanen gailurra mendiaren bigarrena izan dela. Alaskako mendi honek izan zuen lehen igoera Thomas Bubendorfek sinatu zuen 1997an. Austriarrak 16 egun bakarrik pasa zituen alderdi hartan. Eta 11 orduko eskalada baten ostean, mendiaren lehen igoera sinatu zuen. Mendiak ez zuen izenik, eta alpinistak seme baten izena jarri zion: Laurens.

Allen eta Zimmerman maiatzaren hasieran abiatu ziren. Kahiltna glaziarrean dagoen «zaratatik» ihes egin nahi zuten, eta eskiekin 14 kilometroko ibilbidea egin ondoren, Lacunako glaziarrera iritsi ziren: «Aztertu dugun informazioaren arabera, pareta hori eskalatzera abiatu diren lehen alpinistak izan gara. Izan ere, Bubendorf hego-ekialdetik igo zen. Eskalatu dugun murru ikusgarri hori duela pare bat urte Voyager mendia eskalatzen ari ginen bitartean ikusi genuen. `Mastodon Face' deitu genion. Argi dugu Alaskan inoiz egin dugun abentura ederrena izan dela; besteak beste, bere baitan eite hauek jaso dituelako: esplorazioko alpinismoa eta eskalada zaila. Eta jakina, alderdi ikusgarri eta isolatu batean eginiko jarduera izan da».

Maiatzaren 9tik 15era bi saio egin zituzten, eta bietan ala bietan, 1.500 metro eskalatu ondoren, atzera egin zuten. Hirugarren eta behin betiko saioa 20an hasi zuten: «Bidearen lehen zatian mistoko luze zailak eskalatu genituen. Tarte horien artean, izotz zein elurretako sekzio handiak gainditu genituen. Beraz, lehen zati hori oso teknikoa izan zen. Horren amaieran bibaka egin genuen. Bigarren zatia, berriz, oso ezberdina da. Ipar ertzera iritsi ginen, hura jarraitu eta han bigarren gaua pasa genuen. Gure aurrean egundoko irudiak genituen: Foraker, Denali, Hunter, Russell... Sartu ginen ertza ez zen zaila baina bai arriskutsua. Aseguratzeko apenas aukerarik zegoen, eta gainera, erlaitzez inguraturik geunden. Gailurretik gertu ginen, baina ekaitz bortitz batek harrapatu gintuen. Berriro denda altxatu eta babesean jarri ginen. Biharamunean oso eguraldi ona izan genuen. 70 graduko aldats batzuk eskalatu eta gailurrean ginen».

Jaitsiera, bestalde, eki aurpegian dauden korridore batzuetatik egin zuten. Hainbat sekzio bertikalak zirela-eta, izotzean, arrokan eta elurretan hamabi rappel egin zituzten. Jaitsiera bazen ere, une batzuetan aldapa gogorrak igo behar izan zituzten. Behin glaziarrean, egun eta erdiko atsedena hartu zuten. Ondoren eskiak jarri eta hegazkina hartzera abiatu ziren. Jarduera hau egin ahal izateko, Allen eta Zimmermanek 67 ordu behar izan zituzten: 59 igotzeko eta 8 jaisteko.

Denalin, azkar

Esplorazioko alpinismo tekniko batetik azken urteotan goraldi handia izan duen beste modalitate batera egingo dugu salto. Ez da jarrera berria, baina mendi garaiak era azkar batean igotzeko saioak gero eta ugariagoak dira. Alaskan, adibidez, talde italiar batek Denali mendia (Ipar Amerikako mendi garaiena) 8 ordu eta 42 minutuan igo du. Hain zuzen ere, 4.358 metrotik hasi eta gailurrera arte (6.194 m). Ia-ia 2.000 metroko desnibela.

Protagonistak honakoak izan dira: Michele Cucci, Andrea Degasparis, Matteo Ferro eta Luca Colli. Azken hau espedizioaren buru izan da. Bide batez aipatu behar da italiarrek egin duten eskalada hau «Running7Summits» xedearen (hots, kontinente ezberdinetako mendi garaienak ahal den azkarren igotzea) barruan dagoela, eta Colli haren zuzendaria dela.

Aurreratu dugunez, 4.358 metrora hasi ziren, eta ez kanpaleku nagusitik (2.200 m). Horren arrazoia Collik berak eman du: «Pozik nago eginiko lanarekin. Lehen asmoa kanpaleku nagusitik irtetea zen, baina ohartu nintzen ezinezkoa izango zela. Denali mendi zaila da, eta desnibel handikoa. Akats batengatik ez nituen nire kideak arriskuan jarri nahi; ez zeukan inolako zentzurik».

Xede honetako protagonistek pasa den maiatzaren 22an tontorra egin zuten. Arratsaldeko laurak ziren. Adierazi dutenez, eguraldia ona eta zeropetik 20 graduko tenperatura izan zuten. Cuccik bere aldetik adierazi du igoera planifikatu zuten bezala atera dela: «Matteok arazo batzuk izan zituen, baina, hauek gainditu ostean, helburua bete zuen. Denali bezalako mendi batean 2.000 metroko desnibela ia 9 ordutan igotzea ez da txikikeria bat. Lan ederra egin dugu».

bi estilo

Mark Allen eta Graham Zimmerman estatubatuarrek Laurens mendi ezezagunean bide tekniko gogorra zabaldu dute. Talde italiar batek, berriz, Denalin igoera azkarra egin du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo