GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

mendi lasterketak | Euskal Kopa eta Espainiako Kopa

Baldintza gogorrei aurre eginez bi hitzordu ofizialetan

Euskal Koparen bigarren proban, Lakuntza-Aralarrekoan, Alizia Olazabal eta Imanol Goñi gailendu ziren. Bitartean, Espainiako Koparen Kilometro Bertikalaren bigarren hitzorduan Iñigo Larizek irabazi zuen eta Maite Maiora bigarren postuan sailkatu zen.

p040_f01.jpg

p040_f02.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Pasa den ekainaren 9an, mendi lasterketek bi hitzordu ofizial izan zituzten: Euskal Kopa eta Espainiako Kopa. Inolako zalantzarik gabe, egun horretan zein aurrekoetan egin zuen eguraldi gaiztoak erabat baldintzatu zituen antolatutako ibilbideak. Euria barra-barra, lokatza, behe-lainoa... hitz batean esanda, lasterkariek oso egoera gogorrari egin behar izan zioten aurre. Bederen, tenperatura freskoa lagun izan zuten.

Lehien kronikarekin hasteko, Lakuntza-Aralar mendi lasterketan gertatutakoari arreta jarriko diogu. Euskal Koparen bigarren proba zen, eta irteera puntuan espezialista indartsu asko zeuden. Arestian aipatu dugun eguraldi makurrak erabat baldintzatu zuen ibilbidea. Lokatzaz gain, Unaga eta Irumugarrietaren artean dagoen tartea lainopean zegoen. Horren ondorioz, lasterkari batzuk, hainbat minutuz, galduta ibili ziren.

Seniorren mailan, nesketan, Alizia Olazabal indartsuena izan zen, eta Lakuntzako helmugan lehen postuan iritsi zen 3:02 denborarekin. Elena Calvillorekin lehia polita izan zuen, eta hau bigarrena izan zen minutu eta erdi eskasera. Mutiletan, berriz, Imanol Goñik, Orozkoko Euskal Koparen lehen hitzorduan bezala, irabazi zuen; bere denbora 2:16:23 izan zen. Maila honetan ere oso lehia estuak bizi izan ziren. Didier Zago Irumugarrietan lehena izan zen, baina jaitsieran Hassan Ait Chaouk eta Goñik harrapatu eta aurreratu zuten. Ait Chaou bigarrena izan zen eta Zago hirugarrena.

Bestalde, beteranoetan Alicia Morentin eta Ander Unzurrunzaga nagusitu ziren; promesetan Joseba Urbano; juniorretan Lid Leibar eta Ander Garmendia eta kadeteetan Maialen Uriz eta Pello Moreno.

Euskal Koparen hirugarren proba heldu den igandean jokatuko da: Amurrioko Trail.

Lariz, irabazle

Bien bitartean, FEDMEk antolatutako Kilometro Bertikalen Espainiako Kopan euskal ordezkariek emaitza bikainak erdietsi zituzten. Mutiletan, adibidez, Iñigo Larizek, irabazteaz gain, errekor berria ezarri zuen. Eta nesketan, Maite Maiora bigarren sailkatu zen, irabazlearengandik soilik 11 segundora.

FEDMEren lasterketa hau Fuente Den (Europako Mendiak) jokatu zen. Bigarren hitzordu horretan korrikalariek 4,6 kilometroko ibilbideari eta 1.070 metroko goranzko desnibelari egin behar izan zieten aurre. Aurretik, beraz, ibilbide gogorra aldapa handiekin eta arrokan II. graduko tarteekin. Euskal Herrian bezala, ingurumari hartan ere oso eguraldi gaiztoa egin zuen, eta horren ondorioz, lasterkarien segurtasuna bermatzeko soka finkoak behar izan zituzten jarri.

Larizek ezustekoa eman zuen oso igoera inteligentea eginez. Lasai hasi zen, baina pixkaka-pixkaka lehiakideak aurreratzen joan zen, eta helmugan lehena izan zen 39:37 denborarekin. Maiorak ere lasterketa bikaina egin zuen: «Behe-lainoa zegoen eta ibilbidea oso irristakorra. Hala ere, ondo jardun nuen; izan ere, sasoiko nengoen». Gipuzkoarraren denbora honakoa izan zen: 46:41.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo