Etxebizitzaren arazoari aurre egitea dute xede Plantounen etxe huts bat okupatu zutenek
Ipar Euskal Herrian etxe bat lortzeko zailtasunak bultzatuta, Baionan etxe huts bat okupatu zuten pertsonak epaituak izango dira. Aterpea izatea ez ezik, «arazo larri» horri erantzun bat ematea dute helburu.
A. MANTEROLA |
Baionako Hameau de Plantoun auzoa askotan izan da berri iturri, bertan 2009an eraiki ziren etxebizitza bereziek izandako arazo larriengatik. Ekologikoki eredugarriak eta berritzaileak izan behar zuten egurrezko eraikinetan hain izan dira izugarriak hutsegite eta akatsak, jada «Baionako fabelak» goitizena jaso baitu auzoak.
Alta, oraingoan ez dira izan auzokideen kexak eta salaketak berria eragin dutenak, etxebizitza horietako baten okupazioa baizik.
Joan den maiatzaren 23an, hiru lagun hutsik dauden bost etxeetako batean sartu ziren. Geroztik hainbat gorabehera izan dituzte.
Sarraila aldatuta etxean sartu ezinik geratu ziren ekainaren 8an, eta beren aferak berreskuratzeko asmotan berriro sartu zirenean, Poliziak atxilo eraman zituen lau pertsona. Ordu batzuetara aske utzi zituzten.
Arazo larria
Okupatzaile horien artean ziren Jean-Luc del Campo eta Hartzea Lopez Arana. Hilabeteetan alferrik etxebizitza baten bila ibili ostean okupazioari ekitea deliberatu zutela adierazi zuen Lopez Aranak, Ipar Euskal Herrian etxebizitzaren arazoa «zinez larria» dela gogoratuta.
Diru publikoarekin eraikia izan den etxea duela urte eta erdi hutsik dela gaineratu zuen beren kanporatzea eta atxiloketa salatuz. Bide batez, zerbitzu sozialei elkarrizketa eskaera ere egin zieten. Kontuan izan behar da Plantouneko auzoa Baionako Udalak sustatu zuela, etxebizitza sozialetarako beste egiturekin batera, eta bera dela kudeatzaile nagusietakoa.
Aske geratu ostean, ordea, berriro etxea okupatu zuten, eta komisariara konbokatuak izan ziren. Etxean «hondamenak» egitea leporatuta, Epaitegian aurkezteko agindua ere jaso zuten, etxebizitzen jabea den egitura publikoak ezarritako salaketaren ostean.
Ekainaren 11n izan ziren bertan, jende multzo baten babesarekin. «Bortxaz eragindako haustura» eta okupazio ilegala egotzita, ekainaren 26an epaituko dituzte.
Atxikimenduak
Beren egoera judiziala gorabehera, «etxebizitzaren arazoari aurre egiteko» okupazioaren hautua bultzatzea dute helburu. Horregatik, Plantouneko okupatzaileen kolektiboa eratuta, deia luzatu dute sostenguak bilatzeko.
Aldi berean, udal egitura sozialekin batera lan komuna eta globala burutzeko asmoa iragarri dute. Izan ere, jendea aterpe bila dabilen bitartean, onartezina deritzote bertan etxe hutsak egoteari.
Lehen atxikimenduak berehala jaso dituzte. Lurra eta Etxebizitza taldeak hainbat elkarretaratze egin ditu komisariaren eta auzitegiaren aitzinean okupatzaileen kontrako jazarpena salatzeko.
Bethi Aintzina-k ere, Donaixtin asteetan eskola huts bat okupatu zuen taldeak, elkartasuna helarazi die Plantouneko ekintzaileei. «Plantoun auzoko etxe hutsean instalatu den jendea osoki sostengatzen dugu, aterpe beharrean den jende kopurua emendatzen doalarik, onartezina baita etxe batzuk hutsik uztea», esan dute.
Plantouneko etxe hutsa okupatu duten pertsonak epaituak izango dira Baionako auzitegian. «Bortxaz eragindako hausturak» eta okupazio ilegala leporatzen diete.