GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi | Kazetaria

Oroitzapenetako kaleak

Atentzioa deitu izan dit beti nire amak 30 urte baino gehiago daramatzala jaiotzen ikusi zuen herrian ez albokoan bizitzen eta oraindik ere inork nondarra den galdetzen badio ez du zalantza izpirik egiten eta jaiotzen ikusi zuen haren izena esaten du azkar; eta gero, akaso, bizi den lekuaren zehaztapena egiten du bigarren botean. Ez dakit, agian nik gauza bera egingo dut, baina ez dut oraindaino nire burua nirea ez den beste herri batean bizitzen ezagutu eta, akaso horregatik alferrikako lanak hartzen dituela iruditu izan zait beti.

Beti horren bitxia iruditu zaidan amaren erantzun azkar hori gogoratu dut azken denboran behin baino gehiagotan. Kontatu didate, izan ere, inori jolasten ikusi eta irakatsi dieten kaleak indartsuago gordetzen direla buru-gogoan; sakonago kateatzen direla oroimenean.

Horregatik azkenekoz haiek zapaldu direnetik hamarkadak igarota ere, nongoa den galdetutakoan txoko haiek bururatzen zaizkio berriz barren-barrenetik.

Bestela, ezin da azaldu behartuta utzi behar izan den herriaz galdetu eta hasperen sendoa eztarrian trabatzea, berriz ere karrika haiek zapalduko dituen egunaz mintzatu eta begiak betetzea.

Orduz geroztik, asko aldatu dira kale haiek, hala kontatu izan diote bisitatu dutenek. Denetik saltzen zuten denda txiki hura itxia dago dagoeneko eta hura zegoen eraikinak oso bestelakoak diruditen etxebizitzak hartzen ditu orain. Plaza ere aldatuta dago; erosoagoa da orain, dotoreagoa, nahi bada. Herrira eramaten duen errepidea omen da gehien aldatu dena, bidexka estua izatetik bide zabala izatera pasa da.

Aldatuagatik pasadizo eta bizipen kuttunen eszenatoki izaten jarraitzen dute kale haiek eta bere gogoan sortzen diren oroitzapenen taula. Horregatik, urteak joanagatik, inork nongoa den galdetzean, lehen botean heltzen dio jaiotzen ikusi eta jolasten irakatsi zion herri hari; oraindik ez, baina berandu baino lehen zapalduko duen horri.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo