Fredi Paia | Bertsolaria
Sentsibilitateak
Bada garaia independentismoak sabinismoaren diskurtso agortuaren mugak konfirmatu eta lurraldetasuna bideratzeko tresna berriak eskaintzen dituen sentsibilitate nazional nafarrari leku egin diezaion
Philippe Bidartek elkarrizketa mamitsua oparitu digu aurten. Nazio ikuspegidun gizona. Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako abertzaleek hegoaldekook ez daukagun argitasuna dute diskurtsoan. Basoa ikusteko gai dira, auzokoaren zuhaitzak itsutu barik. Jakobinismoari esker, ez dute estatu deszentralizatuaren agintari euskaldunik. Ondorioz, lehentasun politikoek ez dute zer ikusirik hegemonia borrokekin. Elkartzen dakite. Eta oso ondo bereizi izan dituzte borroka moldeak historikoki. Horrela, molde batek ez du arrastatzen bestearen zamarik.
Estatuek euskal gatazka konfrontazio armatuaren ondorioetara murriztu gura dute. Gure energia eta ilusioak fronte horretan birrindu, eta azkenik, gure herrikideen itzulera garaipena dela sinetsarazi. Eroso daude, zezenketetan piztia zaldi gainetik ziztatzen duen koldarraren moduan. Jakinik, zenbat eta indar handiagoz tematu zezena bere aurka indar egiten, zauri sakonagoa eragingo diola.
Bitartean, hilik daude independentziaren aldeko urrats politikoak. Neurriz gain ustiatutako mobilizazio dinamiketako ekitaldi sinbolikoez aparte, lehentasunak estatuaren giltzapean edo sasian daude.
Ni, bitartean, 1999ko Euskal Herritarrok-en hauteskunde kanpainaz gogoratzen naiz, ilusioaz, burujabetzari gehiengo politiko eta soziala ematen zion proiektuaz eta Arnaldo Otegiz, plaza bete jenderen aurrean, hitzaldia «yo, navarro de Gipuzkoa» esaldiarekin hasten.
Gure bokazioa justizia soziala naturarekiko orekan antolatuko duen euskaradun estatua sortzea da. Hori zor diegu bide horretan gure aurretik abiatu zirenei. Hori zor diegu askatasunaren alde askatasuna galdu dutenei. Horretarako, ezintasun nagusi bi izan ditugu azken hamarkadetan: independentziaren aldeko gehiengo politiko-soziala operatibo bihurtzea eta gure lurraldearen partizio makia- velikoa baliogabetuko duen proiektua gizarteratzea.
Ezintasun biak gainditzeko gure herri txiki bezain egoskorrak sortu dituen sentsibilitateak uztartzen ikasi beharko dugu. Indartzen gaituzten bideen aldeko apustua egin, agortuta daudenek eman digutena mantendu eta sinbolikoa eta praktikoaren arteko oreka zaindu.
Bigarren ezintasunari dagokionez, lurraldetasuna baino nazioaren ikuspegi geopolitikoa oinarri duena, bada garaia independentismoak sabinismoaren diskurtso agortuaren mugak konfirmatu eta lurraldetasuna bideratzeko tresna berriak eskaintzen dituen sentsibilitate nazional nafarrari leku egin diezaion.
Euzkadi eta Euskal Herria sentimenduek pilatu duten atxikimendua galtzen utzi barik, kontziente izan behar dugu beraien muga politiko eta geografikoez. Soilik nafar sentsibilitate nazionala gehitzeak handitu lezake gure proiektuaren gaitasun potentziala. Gure historiak zerbait dio, baina askoz garrantzitsuagoa dena, zerbait horrek bere ikuspegi geopolitikoari eutsi dio. Mendebaldean, arrazoi ezberdinak direla medio, beste bat asmatu dugun bitartean.
Herri hau batu eta askatu nahi duenak sintesi lan horri ekin behar dio.