Andoni Iturrioz | Lapurdi 1609 elkarteen kidea
Burua maingu?
Euskal Herrian 1813ko Urdazuriko batailaren urtebetetzea ospatuko da erakusketak, desfileak, gudukaren alegiazkoak burutuko direlarik. Senpere, Sara, Azkaine, Biriatu eta beste zenbait herriri galde egin zaie ospakizun hauen diruztatzeko. Neure buruari honako galdea egiten diot: Zein da ekitaldi hauen helburua? Zein arazoren konpontzeko ote?
Duda izpirik ez dugu gudukaren alegiazkoei buruz, xehetasun bakar bat ez da ahantziko, uniforme guziak azken botoiraino egiazkoen pare izango ditugu. Batailak gertatu diren tokiak zehazki markatuak, garbituak eta argiki azalduak. Frantziarentzat galdu bataila hauen ospatzea ez ote da alde hauetako oraingo biztanleak garenok frantses herritartzeko bidea?
Konmemorazioek, pentsatzen nuenez, gertakizun zoriontsuen oroigarri izan behar lukete, Armistizioa ala Aberri Eguna bezalako tokian tokiko eta eremu zabalagoko gertakizun aipagarrien ospatzeko. Azken denbora hauetan, ohitura politikoa aldatzen ari zaigula dirudi: besta giroko konmemorazioen ordez, zorigaitzezko gertakizunez aginduz eta legez oroitu beharra nagusitu zaigula.
Zer pentsatu Urdazuriko batailaz? Frantziarentzat, antza denez, gertakizun dolugarriak bataila galduak zaizkiolakoan. Beharrezkoa ote zen horien ospatzea?
Gehienetan, porrotak baino garaipenak dira oroitarazten. Dakidanez, Austerlitzeko geltokia Parisen dugu Waterloo geltokia Londresen dugularik. Neu, espainoletik pasaportea baizik ez dudana, ez naiteke poztu tropa espainolak Lapurdiko laborarien kontra mendekatzeagatik. Neu, euskalduna naizena, harrituta nago, konmemorazio hauek zer helburu duten nahi nuke jakin.
Zein mezu eman nahi zaie gertakari hauek bizi izan dituzten arbasoen ondoko senpertar eta inguruko herritarrei? Egia xedetzat duen mezua?
Ez zait iruditzen konmemorazio hauek herritarrei azaltzen dietela nolaz etxeak erreak, lurrak txundituak, abere, jaki eta jantziak ebatsi izan zitzaizkien, ez tropa ingelesen hobenarengandik, baizik eta tropa frantsesenarengandik. Honenbesteraino non eta batzuetan tropa ingelesak salbatzaile gisa, babesle gisa hartu baitzituzten herritarrek tropa frantsesen gehiegikeriez joak zirelakoan. (Tropa espainol eta portugesen gehiegikeriak ahantzi gabe).
Honen jakinean, berriz ere galde egiten dut, zer ospatu behar genuke?
Gure historia, erran nahi baita gure arbasoek bizi izan dutena, ezagutarazten ez duten desfile eder musika eder, uniforme ederren ikustera joan ordez, liburuen iturritik irakurtzea aholkagarriago, hala nola Dominique Haltyren «Episode des guerres Napoléoniennes au Pays Basque».