Brasileko protestak: futbolaz haragoko haserrea
Sao Paulo, Rio de Janeiro, Belo Horizonte eta Brasilia -Brasilgo botere ekonomiko eta politikoaren egoitzak- hirietako kaleak hartu ditu milaka herritarren protestak, ezinegon eta haserre sakon baten erakusgarri. Munduko futbol txapelketarako eta olinpiar jokoetarako xahutu diren dirutzak oinarrizkoagoak eta unibertsalak beharko luketen zerbitzu publikoetan -garraioa, osasuna, irakaskuntza- gastatzeko eskatzen dute. Txinparta Sao Pauloko garraio publikoaren prezioaren kontrako protesta izan bazen ere, piztu den suteak -hamarkada luzeetan Brasilen ezagutu gabea- harago eraman du aldarrikapena: ustelkeria, nepotismoa eta zerbitzu sozialen eskasiaren kontra egitetik oraindik zehaztu gabea den aldaketa baten aldeko oihu herritar bilakatzeraino.
Brasilen eragin globala ikaragarri hazi da urteotan. Eta munduko futbol txapelketa ala Joko Olinpikoak bertan egitea horren erakusgarri da. Gertakizun erraldoi horiek azpiegitura obra faraonikoak egiteko baliatu nahi izan dituzte konpainiek, sarri beren kostu sozialean erreparatzeke. Hegoafrikan ala Txinan -Brasil bezala biak BRIC-eko herrialdeak- ere gertatu zen halakorik. Behin txapelketa nahiz olinpiadak igarota, erabilera publiko oso urria izan dute eraikin erraldoiek. Erakusleiho horien ponpak herritarren behar eta eskubideak ez lituzke lausotu behar. Hartara, protestak ongi etorriak eta lagungarri dira oso.