GARA > Idatzia > Euskal Herria

Prefetaren erasoari Baionako kaleetan erantzungo dio Seaskak larunbatean

p015_f01.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Hendaiako ikastola berriaren proiektuaren alde Herriko Etxeak hartutako akordioa «ez legezkotzat» jo ostean, Seaskako arduradunek larrialdi deia egin zioten Euskal Herria osoari Estatuaren «eraso horri» erantzutera, bereziki, datorren larunbatean, arratsaldeko 15.00etatik goiti, Baionan antolatu duten manifestazioan parte hartuz.

Suprefeturaren aurrean salatu zutenez, Hendaiako hainbat hautetsik, tartean sozialistek ere bai, ikastolaren proiektuaren aurka eginda 250 haur «bahitzen» dituzte eta beren «karrera politikoa eta interes pertsonalak interes orokorraren gainetik» ezarri dituzte.

Legea behingoz

Patrick Dallennes suprefetarengana zuzenduta, «argi eta garbi» ez dutela etsiko eta «Ipar Euskal Herria alerta laranjan» dela gaineratu zuten.

Ikastolak sortu zituzten aitzineko belaunaldiek bezala, «40 urtetan egin bezala borrokatzen» segituko dutela nabarmendu zuten.

«Deialdi irmoa» egin zieten Parisen gehiengoa duten parlamentari sozialistei. «Promesek eta ele ederrek ez dute baliorik. Albo batera utzi eta urrats zehatzak behar ditugu, lege bat behar dugu, bai Euskal Herrirako, baita Bretainia, Alsazia, Okzitania eta Kataluniarako ere», esan zuten.

1969tik zegoen isileko adostasun hori apurtuta, Estatuak «ikastola guztiak arriskuan» jarri dituela baieztatu zuten larunbatean Baionako Gaskoin plazatik Suprefeturaraino manifestatzera urgentziazko deialdia egin aitzin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo