Corrugadoseko langileekin gehiago ez jolasteko eskatu diote Gallardori
Negoziazioa akordiorik gabe bukatu ostean, kaleratzeekin hasteko asmoa iragarri du Gallardo taldeak. Atzo bertan 76 langile kaleratu zituen, nahiz eta hasieran, agiria sinatzera joan zirenean, enpresak kalte-ordaina pagatzeko dirurik ez zegoela adierazi zien.
Alfonso Gallardo taldeak pauso berri bat eman du Corrugados Azpeitiako langileak kaleratzeko asmoan, eta atzo bertan 76 kaleratze gauzatu zituen. Ostiralean hasi zen prozesua; erabakia, ordea, bi aldiz atzeratu zuen enpresak kalte-ordaina pagatzeko dirurik ez duela eta. Atzo goizean agertu ziren kaleratze gutuna jaso duten langileak agiri ofizialak sinatzeko asmoz, baina negoziazioan bitartekari lanak egin dituenak bueltan bidali zituen dirurik ez zegoela argudiatuz.
Kalte-ordaina pagatu ezean, ezin dira kaleratzeak ofizial egin, baina eguerdian konpondu zuen arazoa Gallardok. 76 langileak kalean geratu dira. Egoerarekin haserre, Gallardok sortutako «zirkua» salatu zuten atzo enpresaren atarian langileek. Koldo Artetxek (LAB) eta Imanol Arrojeriak (ELA) azaldu zutenez, kaleratzeak aste honetan zehar gauzatuko direla uste dute. «Seriotasuna» eskatu zioten Gallardori, eta langileekin gehiago ez jolasteko, are gehiago lanpostua galtzear daudenean.
Batzordeko kideen esanetan, kaleratze hauek «Gallardok hasitako ihesaldiaren beste pauso bat dira» eta, hasieratik, bere helburua langile guztiak kaleratzea izan dela ohartarazi zuten. Instalazioak zabalik mantenduko dituela adierazi zuten, ondoren erosle edo inbertitzaile baten bitartez beste irtenbide bat emateko.
Irailera bitartean, borrokan
Maiatzaren 26an amaitu zen, akordiorik gabe, Madrilen gauzatutako negoziazio epea, nahiz eta, langileen arabera, ez den negoziaziorik izan. «Proposamenak aldaketarik gabe mantendu ditu Gallardok». Gainera, azken egunetan «langileak nahastu nahian» ibili dela kritikatu zuten, bere borondatez kaleratua izateko prest aurkezten zenari diru gehiago eskainiz. Zehazki, lan egindako urte bakoitzeko 30 eguneko ordaina proposatu diete, 18 hilabeteko gehienezko mugarekin.
Enpresa batzordearen hurrengo urratsa uztaila hasieran lan gatazka kolektiboa aurkeztea izango da, lan erregulazio espedientea eta kaleratzeak baliogabetu ditzaten. Irailera arte dute epea jarrita, ordurako kaleratze guztiak gauzatzeko asmoa agertu baitu Gallardok.
Ildo horretan, Gallardok proposatutako akordioa euren borondatez sinatzen dutenek beste zenbait eskubide galduko dituztela jakinarazi zuten. Horrela, kaleratzeak bidegabetzat joz gero, ezingo dira lanera itzuli eta, enpresa euren kabuz utzi dutenez, ez dakite langabezia saria jasoko duten, Gallardok ez baitu zehaztu. «Sinatzen duenak ezingo dio enpresari ezer eskatu, ezta juridikoki ere», ohartarazi zuten.
«Dirua itzul dezala»
Bestalde, gaineratu zuten instituzioek duten ardurari ez diotela heldu. Ildo horretan, bi eskaera egin zituzten; lehena, Lakuako Gobernuari, Gallardo taldeari emandako bost milioi euroko diru laguntza bueltatzeko eskatu diezaiola.
Bigarrenik, Gipuzkoako Aldundiari eskatu zioten Extremadurako taldeak zor duen bi milioi euroko BEZa atzerapenez ordaintzea ez onartzeko eta ordainketa berehala egin dezala exijitu diezaiola. «Herri honek ez luke ongi ikusiko, bere interesak salbatzeagatik, Gipuzkoan langileei eta instituzioei langabezia eta pobrezia uzten dien enpresarien mesedetan aritzea», adierazi zuten.
«Enpresa aurrera aterako dugu», zioten atzo langileek. Lan gatazka kolektiboa aurkeztuko dute, kaleratzeak indargabetzeko eskatuz, aurretik arrazoia eman dieten lau ebazpenetan oinarrituta, eta mobilizazioak ere indartuko dituzte.