Buruz Buruko finalaren atarian
Asegarceren lehiakortasun bermea
Azken bost urtetan Aimar Olaizola izan da Bilboko enpresako aurrelarien artean txapel bat eskuratu duen bakarra. Bengoetxearen 2008ko txapela, Ruizen 2003koa eta Koka-Belokiren 2003ko Binakakoa dira, bera protagonista izan gabeko txapel bakarrak.
Jon ORMAZABAL
2001. urtea zinez garrantzitsua izan zen Asegarcerentzat. Urte horretako irailaren 20an, sanmateotako feriaren barruan, jokatu zuen Julian Retegi handiak bere profesional gisako bere azken partida eta Bilboko enpresak bere eta orokorrean pilotaren azken erreferentzi nagusia izan zena galdu zuen. Agian orduan hala izango zenik ez zekiten arren, bederatzi hilabete lehenago, Ruben Belokiren baimenarekin, enpresaren ikur bilakatu den pilotaria fitxatu zuten, Aimar Olaizola.
Urte hasieran, Luis Benito Naldak sortu berri zuen Maesku enpresarekin akordio bat sinatu zuten Asegarceko arduradunek, eta itun horren baitan, Maeskuko pilotariek Asegarcekoekin jokatuko zituzten euren partidak eta Esain, Otxandorena eta afizionatuetatik zetozen Leiza, Erauskin, Peñagarikano eta Bengoetxea V.arekin batera, ordura arte Asperekin aritutako Olaizola anaiak ere Bilboko promotorarekin jokatzen hasiko ziren. Eibartarrekin jokatutako azken partida horietako batean, zaharrenak, Asierrek, Fernando Goñirekin Binakako txapela irabazi zuen, bere ibilbideko txapel bakarra, baina gazteena, Aimar izan zen Eratsungoaren erreleboa hartu zuena.
Ez zuen Goizuetakoak denbora askorik behar izan gerora erakutsi duen txapelak biltzeko abilezia martxan jartzeko. 2002ko Lau eta Erdikoan, bere ibilbidean kuttunen izan duen lehiaketan, estreinatu zuen profesional gisa bere palmaresa, urte horretan bertan Aspek fitxatu eta Buruz Buruko txapela jantzi berri zuen Abel Barriolari Gasteizen irabazita. Ez zen meritu gutxiko txapela izan Olaizola II.aren estreinako txapel hau, koadroko behe-beheko muturretik hasita, bederatzi partida irabazi behar izan baitzituen jarraian lehen garaipen handia eskuratu ahal izateko.
Hortik aurrera, arazoak arazo, bi lesio larri jasan izan ditu Goizuetakoak -sorbaldan 2003. urtean eta belaunekoa 2010ean- bera izan da, ia esklusiboki gainera, enpresako garaipenak batu dituen pilotaria.
Inguruan kalitate handiko taldekideak izan dituen arren, Aimar Olaizola izan da Asegarceren apustua ia txapelketa guztietan eta aurrelari nafarrak beti erantzun izan du, ez baita alferrik, hamaikarekin, egun jardunean ari diren pilotarien artean, txapelik gehien irabazi dituena.
Zenbakiak oso argigarriak dira alor honetan eta oso kontuan hartzekoa da bera protagonista izan dela azken bost urteetan Asegarcek irabazitako txapel guztietan. 2011ko Binakakoan, belaunetik osatu berritan, Aritz Begino lagun zuela, irabazi zuen txapelketa hau azken aldiz, eta Auzako atzelaria izan da bost urte hauetan Aimar Olaizola ez den Asegarceko lehen mailako txapeldun bakarra.
Oinatz eta Patxi Ruiz
Binakakoarekin jarraituz, 2008an Oier Mendizabalek izan zuen Goizuetakoarekin jokatzeko zortea eta txapela irabazteko gai izan ziren. Olaizola II.ak enpresan debutatu zuenetik, Pablo Berasaluzeren ordezko gisa sartu zen Juantxo Koka izan da, Ruben Beloki lagun zuela, 2003ko lehiaketan, txapela jantzi duen Asegarceko pilotari bakarra, goizuetarra bera kenduta. Finaletan ere, ordezkaritza ez da askoz zabalagoa izan, zerrenda Pablo Berasaluzera, zorigaiztoko aurtengo finalean, eta Oinatz Bengoetxeara, 2005ekoan, mugatzen baita.
Lau eta Erdikoan are eta nabarmenagoa bilakatu da Asegarceren «Aimardependentzia», bera baita, 2002ko lehen txapel horretatik, garaipena lortu duen Asegarceko pilotari bakarra. Urtebete lehenago, Aspera jauzia eman aurretik, Abel Barriolak lortu zuen Asegarceren kaiolan jartzea Aimar Olaizola II.arena ez den txapel bakarra. Finalistetan ere, Oinatz Bengoetxea izan da aukera bakarra.
Leitzako aurrelaria da, ezbairik gabe, urruti xamarretik bada ere, Asegarceren ziurgarritasun sailkapen honetan bigarren postua beteko lukeen pilotaria. Berea izan da, 2008ko Buruz Burukoan, Asegarceren azken txapel «desberdina». Abel Barriola herrikidea garaitu zuen Atano III.ean jokatutako final gogoangarri hartan, baina hara iristeko, olaizolatarrak kanporatu behar izan zituen. Ezustekorik handiena, final-laurdenetan eman zuen, txapela defendatzen zuen Aimarri 22-12 irabazi baitzion Eibarren. Asierren aurka apur bat gehiago sufritu behar izan zuen, 16 tanto egin zizkion Labriten jokatutako finalerdian, baina bere ibilbideko lehen finala harrapatu zuen.
Asegarceko beste buruz buruko txapeldun bat aurkitzeko, beste bost urte egin behar da atzera. 2003koa azkenaldiko txapelketarik gogorrenetakoa izan zen, finalerdietan ligaxka bat jokatu behar izan zuten pilotariek. Patxi Ruiz izan zen gogorretan gogorrena eta Aimar Olaizolak izandako arazo fisikoei etekina ateraz, bere ibilbideko txapel bakarra jantzi zuen.
Hori bai, Aimar Olaizolak oraindik baditu bete beharreko zenbait erronka. Gertuenekoa, igande honetan bertan lortu lezake, txapela kantxan defendatzea lortuko balu. Goizuetakoak ez du oraindik Buruz Burukoa bi urtez jarraian irabazi eta aurten du hori egiteko bigarren aukera. 2006an ere gorriz jantzia jokatu zuen finala, baina Martinez de Irujok galarazi zion halakorik egin duen historiako hamabigarren pilotaria izatea. Atano III.a Gallastegi, Arriaran II.a, Ogueta, Azkarate, Retegi I.a, Bengoetxea III.a, Retegi II.a, Ladis Galarza, Ruben Beloki eta Irujo bera dira aurretik halakorik egitea lortu dutenak.
Aukera gehiago Aspen
Beste enpresan ere, Martinez de Irujorekin antzerako zerbait gertatzen dela esan daiteke, bera baita, hamar txapelekin, Eibarko enpresaren erreferentzia nagusia. Hori bai, vidartetarren promotoran aukera askoz gehiago izan dituzte.
Hala, Buruz Burukoan Iberokoaz gain, Xalak eta Barriolak jantzi dituzte txapelak azken hamarkadan, baita zenbait final jokatu ere. Lau eta Erdikoan, Titinek eta Gonzalezek ere irabazi dute txapelketarik eta Binakakoan Xala eta errioxarra bera ere irten dira txapeldun. Atzelari txapeldunen zerrenda are eta luzeagoa da, Zabaleta, Merino II.a, Zubieta, Goñi III.a, Martinez de Eulate eta Oscar Lasa ere txapeldun irten baitira, hiru aurrelari hauei lagunduz.
Materialarekin kezkatuta
Final honen atarian, bereziki Irujok Oinatz Bengoetxeari gehiegizko pilota batekin irabazi zionetik, materialak zeresan handiak eman ditu, eta astelehenean bertan, Aimar Olaizola berak bere kezka agertu zuen honen inguruan Bizkaia pilotalekuan azken entrenamendua osatu ostean.
«Espero dut arazorik ez izatea. Piloten inguruan nik esandakoa jende guztiak esandakoa da eta espero dut arazorik ez izatea. Guk asko daukagu jokoan partida honetan, jendeak ere sarrera ordaindu eta 15 minututako partida ikustea ez da ona, eta horrekin amaitu behar da. Baina pilotariak ez du inolako kulparik, saskian bost koadro irteten den pilota bat aurkitzen badu, normala da hartzea».