«Obabakoak»-en edizio berriak aurkeztu dituzte Bilbon, estazio aurrean eta kalatxoriek lagunduta
25. urteurrenaren harira, edizio berriak kaleratu dituzte Ereinek eta Alfaguarak, bietan Marta Cardenasen irudiak daudelarik. Gaztelaniazkoak zenbait material dituen kutxa dakar, eta euskara gaurkotua besteak.
Alvaro HILARIO | BILBO
«Bilbora du beti itzultzen den hiria; bere elefanteen hilerri propioa du Bilbo», esan zuen atzo Alfaguarako argitalpen zerbitzuko zuzendari Pilar Reyesek, Bizkaiko hiriburuak Atxagaren baitan zein lanean duen garrantzia azaltzeko.
Esandakoarekin bat eginez, idazleak berak nabarmendu zuen Ereinek (euskaraz) eta Alfaguarak (gazteleraz) edizio berriak aurkezteko hautaturiko lekua -Arriaga plazan Bilbo Zaharra euskaltegiak jarritako karpa- oso egokia zela, Ruper Ordorikak kantatzen duen bere poema bateko agertokietako bat izanik («...hiriko kalatxoriak/ arratsero biltzen dira estazio aurrean»).
Kalatxoriak lagun mintzatu ziren Ereingo Iñaki Aldekoa, Alfaguarako Pilar Reyes, Atxaga bera eta «Atxagaren begirada irudietara eroan eta testuarekiko elkarrizketari» eutsi dion Marta Cardenas artista, edizio berrietako irudien egilea.
Guztien esanetan, «Obabakoak» Bernardo Atxagaren lanaren, prozesu oso baten gailurra dugu, errealitateak eta mundu mitikoek bat egiten duten lekua. Bestalde, lana «literatur puzzlea» bat dela esan zuten, bertan biltzen baititu munduko beste literatura askok kontatutakoak, beste askoren tradizioak.
Material berriak
«Lana baino, jaia izan da», esan zuen Cardenasek, edizio berriei laguntzen dieten irudien egilea. Euskarazkoak barnean dakartza irudiak; gaztelaniazkoan, ordea, kutxa batean bildu dituzte liburuaz gain, «Lugares vacíos, palabras llenas» dokumentala eta editatu gabeko testuak biltzen dituen Atxagaren «Un lugar llamado Obaba» materialak, postal bihurtuta. Produktu osoa, 19,50 euroan jarri dute salgai.
Erein argitaletxeko Iñaki Aldekoak beraiek kaleratutakoan euskara gaurkotu dutela esan zuen, «25 urte ez baitira alferrik iragaiten». Azal gogorrekoa eta 352 orrialde dituen euskarazko edizio berri honek 27 euroko salneurria dauka.
Nabarmendu, bestalde, dantza ikastaroak, txalapartak eta bertsolariek hartuko dutela gaur karpa.