Elhuyarrek Hiztegi Automatiko eleanitza abian jarri du Interneten, eta nahi duenak hartzeko prest
Euskara alemanarekin, hindiarekin, arabierarekin, txinerarekin eta swahiliarekin lotzen duen tresna bat jarri du martxan Elhuyarrek. Etorkizunean bestelako hizkuntza-bikoteak osatu nahi dituzte.
Nagore BELASTEGI | DONOSTIA
Elhuyarrek egindako ikerketa bati esker posiblea da euskara ezohikoak diren hainbat hizkuntzetara itzultzea, automatikoki. Hiztegi Automatikoak izena daraman tresnak euskarazko formak alemanera, hindira, arabierara, txinerara eta swahilira itzultzen ditu, eta hizkuntza horietatik euskarara.
Ohikoena ingelesera edo frantsesera itzultzea izan arren, Elhuyarrek ohikoak ez diren beste bost hizkuntza hautatu ditu arrazoi desberdinengatik. Alde batetik, hiztun kopuru handia duten hizkuntzak dira, eta bestetik, orain arte euskararekin harreman zuzena ezartzen duen bestelako tresnarik ez dago. Azkenik, harreman profesionalek gero eta gehiago begiratzen dute nazioartera, eta bost hizkuntza hauek munduan bata bestearengandik nahiko urrun daudenez geografikoki, baliagarriak izan daitezke enpresa zein hizkuntza horien ikasleentzat, pertsona gutxi baitaude, adibidez, hindia eta euskara dakitenak.
Etorkizunean gertuagoko hizkuntzekin harremanak ezartzeko intentzioa dute, hiru urtean zehar aurrera eramandako ikerketari esker ikusi dutelako posiblea dela hiztegi automatikoak modu errazago batean sortzea. Honela, sortzaileek uste dute laster sortuko direla katalana edo portugesa bezalako hizkuntzekin harremanak. Etorkizuneko beste erronka bat da hizkuntza bakoitzean hitzak nola ahoskatzen diren grabatzea.
Adiera desberdinak
Hitzak automatikoki itzultzean abantaila da denbora eta dirua aurrezten dela, eta gainera, zerbitzua Internet bidez eskaintzean paperean nekez salduko litzatekeen produktu bat egiten gastatuko luketen dirua aurreztea. Hala ere, edozein unetan kontsultatu daitekeen hiztegia ere jarri dute webgunean nahi duenak deskargatu dezan, Creative Commons lizentziarekin.
Sistema honek, ordea, arazoak ere badauzka. Euskaratik beste hizkuntza batera itzultzeko ingelesa erabili dute «zubi-hizkuntza» gisara. Hau da, euskara-ingelesa hiztegia jada existitzen zenez, eta ingelesa eta beste hizkuntzak lotzen dituztenak ere bai, ingelesaren adierez baliatu dira beste hizkuntzekin lotura ezartzeko.
Horregatik, adiera bat baino gehiago duten hitzekin arazoak sortzen dira. Hori zuzentzeko, besteak beste, testuingurua hartu dute kontuan, esanahi bera duten hitzak oso testuinguru antzekoetan agertzen direlako. Horrez gain, erabiltzaileek itzulpenak egokiak diren edo ez adierazi dezake espresuki bertan jarritako botoi batzuen bidez, baita euren zalantzak argitu ere, atal berezi batean dagoen foroari esker.
«www.hiztegiautomatikoak.elhuyar.org» webguneak hiru atal ditu: kontsulta, deskarga eta foroa, iradokizunak egiteko edo beste erabiltzaileekin zalantza zehatzak argitzeko.