GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Mikel Zubimendi | Kazetaria

Ez goratu ahotsa, hobetu argudioa

Marmarra, marmarra eta marmarra, marmarra besterik ez. Eta azkenean kutsakorra bilakatzen da melodia, dinamika bilakatuta. Sindikatuen artean, marmarra. Alderdien artean, marmarra. Prozesuaren nondik norakoen inguruan marmarra. Ni neu, gure herri maitagarri eta demontre honetan sarriegi gailentzen diren zalaparta eta joera hauekin asko penatzen naiz. Batzuek sortzen dutela «Gure Esku Dago» dinamika, ba besteek «Horrela gure esku ez dago» idazkia ateratzen dute. Sindikatu abertzaleek duela hiru aste greba orokorra elkarrekin, eta orain metaleko greban elkarri mutur-joka, batzuek bost egun, besteek hiru, bestek bat... marmarra eta marmarra.

Argi pentsatzeko trebetasuna, konklusio zehatzetara iristeko indarra eta jendaurrean modu erakargarri eta desafiantean aurkezteko adore faltan, arrazonamendu sendo eta eduki interesantea duten diskurtso argien umezurtz gabiltza. Agian hortik etor liteke marmarraren melodia astun hau. Ez dakit. Lagun bati entzun nion bezala, bizi osoan piña egiten ibili eta orain mazedonia garela konturatzeak ez du justifikatzen, baina, ezker-eskuin begiratu eta zein den alboko melokotoi hau edo hura etengabe ozpinduta galdetzea. Prozesua ez doala nahi bezain ongi -nahi bezala doazen prozesuak ez dira existitzen niretzat-, eta zilegi da, cervantinoz esaten den legez, «vendepeines» askoren inbentzio bat dela iriztea, marmar eta marmar aritzea. Orain, hori bai, kendu nire paretik marmarti oro eta ber prezioan emadazue «vendepeines» delakoa eta ken iezadazue, arren!, «vendepenas» oro. Beti penetan, beti arazoak hauspotuz, ezkor eta muturluze... horien izurria daukagu, bai.

Behin marmarra dinamika bilakatuta -eta batzuentzat, kirol nazional-, zaila da gero lasaitasuna gailentzea, arnas luzean eta horizonte sakonetan aurrera egitea. Zaila da, tenplea atxiki eta marmartiei marmar ozenago batekin erantzuteko tentazioari eustea. Ez da erraza. Halakoetan, ahotsa ez goratzea eta argudioa hobetzea gomendagarri da. Eta bestela, mistela. Helduen modu eta mailako eztabaida serioa haurreskolako jolastokiko kakofonia bilakatzeko arrisku latza.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo