GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Parot doktrina» ezarrita duten bost preso bilbotarrak oroitu dituzte euren jaioterrian

p012_f02.jpg

GARA |

Bizkaiko Probintzia Auzitegiaren aurrean eskatu zuen atzo Herrirak -«Giza Eskubideak. Irtenbidea. Bakea. 197/2006 Doktrina Eten. Joseba, Inma, Fernando, Raul eta Josu Askatu» lelopean- salbuespenezko neurria ezarria duten bost preso bilbotarren askatasuna. Mugimenduko Roberto Novalek adierazi zuenez, elkarretaratzearekin neurria salatu nahi izan zuten, eta gogorarazi Joseba Artola presoak atzo 27 urte bete zituela espetxean, orain zazpi urte «Parot doktrina» ezarri baitzioten.

Bestalde, iragan ekainaren 8an abiarazi zuten Herritarron Epaia ekimenaren baitan aurrerantzean egingo dituzten ekintzak aurkeztu zituzten egoera hau salatu eta berau sufritzen duten presoen eskubideen alde egiteko. Bilboko auzo ezberdinetatik igaroko da ekimena. Esaterako, datorren astelehenean, hilaren 24an, 19.30etik aurrera Indautxu plazan Josu Amantesen egoera salatzeko elkarretaratzera deitu dute.

Ekainaren 28an, hileko azken ostiralean, 12.30etik aurrera Bilbon zazpi orduko elkarretaratzea egitera deitu du Herrirak.

BurlataHerria itxiarazi dute

Presoen eskubideen aldeko ekintzak iragartzen zituzten bitartean, ildo bereko ekitaldien aurkako salaketa eta debekuak ere izan ziren atzo.

Lehen salaketa Carlos Urquijo EAEn Gobernu espainolaren ordezkari denaren eskutik heldu zen. Honek agindua eman dio Estatu espainoleko Abokatutzari administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezan Arrasateko jaien barruan presoen alde antolatu den kalejira salatzeko. Halaber, kalejiraren berri eman dio Urquijok EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari.

Bigarren neurria Auzitegi Nazional espainoletik heldu zen, BurlataHerria.org webgunea ixteko agindua eman baitzuen atzo, «terrorismoari gorazarre» egitea egotzita. Ateak Ireki-k adierazi duenaren arabera, «datozen egunetan adierazpen eta informazio askatasunaren aurkako eraso honi erantzuteko ekimenak iragarriko dira». Ertzaintzak babestuta duen lekuko baten testigantza gakoa izango da Auzitegi Gorenarentzat, Auzitegi Nazionalak lau pertsonaren aurka ezarri zuen urtebeteko zigorra berresteko edo ez. Auzipetuei 2011n Basaurin euskal presoen argazkiak jartzea leporatzen diete. Babestuta dagoen lekukoak gertaerak ikusi zituenean Ertzaintzari deitu zion, hauei lau pertsonen deskribapenak eskainiz. Horietako bi epaiketan ere identifikatu zituen.

Defentsak atzo salatu zuen lekukoaren identitatearen babesa auto judizial bitartez adostu behar dela, defentsarako eskubidea urratzen baita bestela.

Bitartean, presoen alde mobilizazioak egiten jarraitu zuten herrietan. Santurtzin 62 lagun bildu ziren, Arrotxapean 42 eta Atarrabian 37.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo