Eraldaketa soziala helburu, bere politika feminista eraberrituko du LABek
I.OIARZABAL | DONOSTIA
LABeko lehen lerroko emakume militante guztiek jardunaldia egingo dute gaur Altsasun, ziklo sozial, ekonomiko eta politiko berriari egokitutako politika feminista berri bat diseinatzen hasteko. Eraberritze asmo honen berri eman zuten atzo Donostian Ainhoa Etxaide, Izaskun Garcia eta Zaloa Ibeas ordezkariek eta oraindik ere emakumeenganako zapalkuntza errealitate bat dela salatu zuten.
Sindikatu eta eragile sozialak eraikitzen hasi diren Eskubide Sozialen Gutunak ezinbestean emakumeen parte hartzea izan behar duela azpimarratu zuten eta orain arteko berdintasun politikek porrot egin dutela adierazi zuten.
Horren adierazletzat jo zituzten soldata diskriminazioa, sektore feminizatuen prekarizazioa edota zerbitzu publikoetan egiten ari diren murrizketen ondorioz emakume asko zaintza lanetara kondenatuta izatea. Horregatik, berdintasun politikez haratago, arazoaren muinera jo behar dela aldarrikatu zuten, «eredua bera» irauliz.