Bost soldaduren gorpuzkiak aurkitu dituzte Urgulleko indusketetan
Donostiako 1813ko sutearen bigarren mendeurrena gogora ekartzeko ekintzen baitan Aranzadi Zientzia Elkartea eta institutuetako gaztetxoen arteko lankidetza programatu zuen udaletxeak, Urgull mendian dagoen Ingelesen Hilerrian indusketa lanak egiteko. Bertan hiru aste eman ostean bost pertsonaren gorpuzkiak aurkitu dituzte, baina oraindik ez dakite 1813ko soldadu frantsesenak edo 1830ko hamarkadan izandako karlistaldietako biktimenak diren.
Nagore BELASTEGI | DONOSTIA
Urgulleko ipar magalean dagoen Ingelesen Hilerrian bost gorpuzki aurkitu dituzte. Gertaera hau ez litzateke albiste izango testuingurua zein den azaldu gabe. Izan ere, Napoleonen tropa frantsesek Donostia setiatu eta suntsitu zuteneko bigarren mendeurrenaren ospakizunen baitan programatutako indusketa lana da honakoa. Aranzadi Zientzia Elkartea eta 17 eta 18 urteko 29 gaztetxo ekaina hasieratik ibili dira bertan harriak eta belar txarrak kentzen, monumentuaren itxura hobetzeko, baita lurpean dagoena aztertzen ere, hiriaren historiaren berri izan eta ikasitakoa plazaratzeko.
Lekuak Ingelesen Hilerria du izena, 1833 eta 1840 artean izan zen karlistaldian ingeles ugari hil eta bertan lurperatu zituztelako, baina identifikatutako zein hildako anonimoez gain, bestelako hilobiak baziren susmoa zuten adituek. Horrek hipotesi bat sortu zuen: ingelesen aurretik beste norbait bertan hilobiratu zutela, alegia, 1813an hildako soldaduren bat.
Aste hauetan egindako lanari esker bi hilobi aurkitu ditu Paco Etxeberria forentseak gidatutako lantaldeak, auzolanean. Horietako batean bi pertsonaren gorpuzkiak aurkitu dituzte, eta bestean, hiru. Bigarren hilobi honetako indusketa lanak aurreratuago daude eta, hildakoak identifikatu ezin badituzte ere, ahalik eta informazio gehien biltzen saiatu dira, gaztetxoek ere esperientziaren parte izan daitezen.
Gorpuzki multzo bat, erdian kokaturikoa, 16 urteko mutil batenak dira. Hezurdura guztiz osatuta ez izateak adierazten du hori. Beste biak, ordea, heldu gazteenak dira, gerrate batean zendutakoak. Hori hezurren inguruan berunezko balak aurkitu dituztelako dakite, eta XIX. mende hasieran asko erabiltzen zirelako suzko armetan. Era berean, uste dute balek haragi zein organoetan egindako zauriengatik hil zirela, hezurrek ez dutelako aztarnarik. «Agian, buruan hartu zuten tiroa -aipatu zuen Lurdes Errasti arkeologo taldeko kideak- garezurrak oso hondatuak daude eta ezin dugu ikusi».
Balekin batera botoiak eta txanponak agertu dira. Hauek arrastoa izan daitezke hildakoen jatorriaren berri izateko, oraindik ez baitute ondorio argirik atera. Errastiren taldekide Javier Bucesek aipatutakoaren arabera, ez dituzte hezurrak ukitu eta, beraz, ez dakite 1813an Donostiako suntsiketa eragin zuen erasoaren ondorioz hildako soldadu frantsesak diren edo karlistaldietan parte hartu zuten ingelesak diren. Hala eta guztiz ere, baliteke 1830eko hamarkadan zendu izana, hilobietatik gertu plaka bat dagoelako non sei soldadu ingelesen izenak dauden. «Ez gaude ziur beraiek diren, bost aurkitu ditugulako eta uste dugulako hortik gertu gehiago egon daitezkeela, edo hilobi komun bat aurki dezakegula», aipatu zuen adituak.
Indusketa lanak bihar amaituko dituzte eta aurkitutako gorpuzkiak babesteko hareaz estaliko dituzte, etorkizunean indusketa lan sakonagoak egin nahi izanez gero ondo mantentzen direla ziurtatzeko.
200. urteurrenaren helburua
1813. urteari buruzko informazio gehiegirik ez dute eskuratu lan honekin, baina ez pentsa alferrikakoa izan denik, bigarren mendeurrenaren ospakizunek duten helburu laukoitza ondo baino hobeto betetzen baitu: gertaera ezagutaraztea, gogoratzea, oroitza egitea eta hiria elkarrekin eraikitzen jarraitzea. Gaztetxoak izan dira proiektu honen protagonistak, euren eskuekin historia arakatu baitute eta esperientzia aberasgarri honi esker «ikasgelan bezainbeste» ikasi dutelako, euren burua boluntario eskainiz.
Urgull mendiko indusketetan parte hartu duten gaztetxoek ikastaro hezitzaileetan hartu dute parte, arkeologia, arkitektura, biologia eta historia oinarri dituztenak.
Donostiakoa ez da aurten ospatzen dugun berrehungarren urteurren bakarra. Izan ere, Napoleonen anaiaren, Jose Bonaparteren, tropak Salamancan galdu ostean ihesean zihoazela, Wellington dukearen tropekin topo egin zuten eta hauek ere Bonaparte garaitu zuten; ondorioz, honek erreinuko koroa Fernando VII.ari itzuli behar izan zion. Alava jeneralak bere hiria babestu zuen orduan inork hiria setiatu ez zezan, Donostian beranduago gertatu zen bezala. Gertaera horiek 1813ko ekainaren 21ean izan ziren, eta gasteiztarrek urteurrena ospatuko dute asteburu honetan, aurreko hilabeteetan zehar jada zenbait ekintza egin badituzte ere.
Honela, biharko hainbat kontzertu programatu dituzte hiriko hainbat tokitan: Andre Maria Zuriaren plazan (13.00etan eta 22.30ean); erdigunean (19.00etan); eta Arka plazan (19.30ean eta 20.30ean). Larunbatean, ordea, ekintza deigarrienak egingo dituzte. 10.00etan eta 12.00etan bisita gidatu bereziak egingo dituzte gertakizunen berri emango digutenak. Horietaz gain, bertso emanaldia egingo dute Andre Maria Zuriaren plazan 13.00etan. Gainera, borrokaldiak antzeztuko dituzte 12.00etan Argantzunen -bertan hasi baitzen borroka- eta 19.30ean Armentiako zelaietan. Igandean 12.30ean, Gasteizko kaleetan zehar, Alava jeneralari eta aliatuei harrera egingo diete. N.B.