GARA > Idatzia > Kultura

Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa jokatuko dute bihar Orion

GARA | DONOSTIA

Bertsozale Elkartearen eta Ikastolen Elkartearen arteko lankidetzatik sortu da, beste behin, Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa. Bihar bertan jokatuko da finala Orioko Karela kiroldegian, eta bi kategoriatan arituko dira bertsolariak.

Finalaren lehenengo saioa 11.00etan hasiko da eta 14 urtera arteko haurrek hartuko dute parte, alegia, 1999. urtetik aurrera jaioak (urte hori barne). Hauek taldeka arituko dira, bost guztira: Arabako taldea, Ekialdeko taldea (Bizkaia), Zarauzko taldea (Gipuzkoa), Kanbo-Xalbador taldea (Lapurdi-Nafarroa Beherea) eta Leitzako taldea (Nafarroa Garaia) nor baino nor ariko dira.

Bost ariketa burutu beharko dituzte: agur berezia, lau oinak, bukaera emanda zortziko handia, hautatutako gaia oinarrian hartuta bertso bat eta bukaerako agurra.

Helduen taldean 15 eta 18 urte bitarteko gaztetxoak arituko dira, bakarka. Hauen finala 15.30ean jokatuko da, eta honako hamar bertsolarien arteko norgehiagoka izango da: Peru Abarrategi, Iñaki Tena, Txaber Altube, Ander Gerrikaetxebarria, Mikel Iturriotz, Gemma Urteaga, Ortzi Murua, Aitor Servier, Mikel Lasarte eta Maddalen Lopez. Egin beharreko ariketak txikiei aurretik proposatutakoak baino zailagoak izango dira: agur bana; binaka, bina bertso zortziko handian eta beste bi zortziko handian; bakarka, emandako gaiaren inguruko bertso bat; binaka edo hirunaka, hiruna kopla trikitilarien laguntzarekin; eta azken agurra, derrigorrezkoa.

Bertsolaritza sustatzea

Hogeita bost urte hauetan bertsolaritza munduan haur eta gaztetxoen artean urteroko zita bihurtzerainoko erreferentzialtasuna lortu du txapelketak, eta aurten ere hala izango delakoan daude antolatzaileak.

«Elkarlanean ari gara hezkuntzan bertsolaritza sustatzeko hainbat ekimen bideratzen. Eta ekimen horien artean, Eskolarteko Bertsolari Txapelketa eraberritzea edo arnasberritzea ere badago», aipatu zuen Miren Irigoien Bertsozale Elkarteko Transmisio arduradunak. Era berean, 2014ko Eskolarteko edizioa berrituta etorriko dela adierazi zuen, baina nahiago izan zuen pistarik ez eman datorren urterako sorpresak gordetzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo