GARA > Idatzia > Kultura

Andoni TOLOSA «MORAU» | Musikaria

Nostalgia


Udako solstizioak ez dira gauza bera azken urteetan, ez dira gauza bera, lehen festetako manga motxeko gau luzeak, izerditutako lehen gau beroak. Ez dira gauza bera, arratsaldeko kale bueltak, ezta hondartzara egindako lehen txangoak ere. Eta ez da, harrigarria badirudi ere, eguraldi kontua, musika kontua baizik. Soinu banda egokia falta denetik ez dute eragin bera lehen eguzki betekadek gure larru gorrituan.

Asereje, Lambada, La Bomba eta El Venao. Georgie Dan, Rafaella Carra, Los Del Rio, Alaska eta Maria Jesus (eskusoinuarekin)... Udako kantua falta zaigunetik, zerbaitek huts egiten digu ekainaren azken, baina udako lehen egun hauetan. Suak pizteko gauarekin batera, entzuten genuen lehen aldiz, «autodetxoketan» askotan, ondoren festa guztietan entzungo genuen kantu itsaskor eta hutsal hura.

Beste gau pare batean ikasten genuen, grazia egiten zigulako eta inguruak behartuta, kantu bakoitzari lotutako dantzatxo «demokratikoa», gure amonak ere dantzatzeko modukoa, alegia. San Joan festak bukatzerako, prest geunden uda kaletar eta festazaleari, arrakasta apur batekin, aurre egiteko. Ez al duzu inoiz horrelakoren bat dantzatu?

Hori hortera kuadrilla! Bai, baina ez hainbeste. Ez izan hain garbizaleak, euskal musikak ere sortu du-eta bere udako kantu sorta. Ados, edukiz mamitsuagokoak batzuetan, baina udako kantak inondik inora, uda osoak eman baititugu hemengo eta hango plazetan, lelo itsaskorrak entzuten, kantatzen eta dantzatzen.

Probak behar dituzula, Hauxe da nire euskal udako bost kanturik maiteenen zerrenda: 1) Nor Nori Nork (Gozategi), 2) Furra-Furra (Oskorri), 3) Sarri-Sarri (Kortatu), 4) Hik Lan eta Nik Jai (Tapia eta Leturia), 5) Kapitalismoak (Gontzal Mendibil eta Xeberri). Zein da zurea?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo