Herri osoari begira landutako nazio egitasmoa
Udalbiltza, zazpi euskal herrialdeak ordezkatzen dituen nazio instituzio bakarra, abian da berriro joan den martxoaz geroztik, eta erakutsi duenez, bere jarduna ez da noizik behin bere helburuak gogorarazi eta asmoak iragartzera mugatuko. Eraberritu bezain laster ekin zion lanari eta atzo, hiru hilabete pasatxoren buruan, bere lehen egitasmoa aurkeztu zuen Bilbon: Euskal Herriko Garapen eta Kohesio Fondoa, nazio eraikuntzarako egitura. Udalbiltzaren lehentasunetako bat euskal lurraldeen garapen orekatua eta kohesio sozioekonomikoa sustatzea da, eta Garapen eta Kohesio Fondoa, hain zuzen, lehentasun horri heltzeko tresna da. Ez dira gutxi Euskal Herriak bere ibilbidea nazio gisa egiteko dituen oztopoak; beraz, guztiz beharrezkoak dira horiei aurre egiteko tresnak. Atzo aurkeztutakoak Euskal Herriko lurraldeetako desorekak gainditzen lagunduko du, bide horretan egin beharreko hainbat proiektu sustatu eta gauzatzeko bitarteko gisa, Euskal Herri osoko eragileekin elkarlanean. Hartarako, hainbat arlotako aditu sarea eratuko du, eragile horiek osatua.
Udalbiltza bera bezala, nazio ikuspegitik, herri osoari begira landutako egitasmoa da, eta asmo handikoa. Ezin bestela izan, nazio bat eraikitzea ere hala baita. Bestetik, elkarlana eta kohesioa ezinbesteko elementuak dira nazio oparo bat, eta ez arlo ekonomikoan soilik, eraikitzeko.