GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria | Irakaslea

Suak pizten?

Gure eskubideak ez dizkigu inork bermatzen, eta, beraz, herri gisa pentsatzen jarraitu behar dugu. Bai behintzat besteek pizten dizkiguten suen mehatxupean bizitzerik ez badugu nahi

Iparraldea sutan dago!». Hauxe erraten zidan kazetari batek aste honetan. Egunero hiru, lau prentsaurreko segurtatzeko, tenore berdinean, sekulako informazioa hedatzeko. Gaurko errealitatea, sekulako dinamika, sekulako kezkak eta proiektuak. Hori gauza ona da, herri hau bizirik dagoen erakusle. Gainera, hauteskundeak hurbiltzen ari direla, lehiak eta borrokak martxan jarriko dira laster.

Borroka horien erdian, alderdi sozialista! Ikastolek onarpen zabala lortua dutelarik, sozialistek alimaleko sua pizten digute. Logikarik ez dago politikan eta berriz ere sozialistek toreatzen gaituzte, paretaren aurrean jartzen gaituzte.

Berriz ere, segurtasun-gabezian jartzen dute ikastolen mugimendua; ondorioz, herri gisa arriskuan jartzen gaituzte. Noski, dena hasten da herriko etxe batetik, alegia deusez, eta plast, mahai gainean hor dugu legea! Estatuak oso legalak baitira, legedia oinarrizko tresna da defentsarako. Ikastolek karrika dute babes bakarra. Hor dugu berriz ere froga! Hau ez al da politika iraunkorra Estatuaren aldetik, alderdi sozialistaren aldetik gure hizkuntzaren aurka, hizkuntz ordezkapenak aurrera jarraitzeko?

Estatua jarraikia da eta alderdi sozialista ere. Ikastolei ez bazaie babes handiagorik ematen, legerik ez badute bozkatzen, ikastolen garapena bakean uzteko, zertaz hitz eginen dugu Frantzia mailako alderdi politikoekin? Badakigu Estatuak diru zamak uzten dituela ikastolen funtzionamendurako, irakasleak ordaintzen dituela, baina eraikin asko gure sakelatik pagatzen ditugu, eta, sortzen duten segurtasun-gabezia honek, ikastolek dituzten beharrei erantzuteko eman behar diren urratsen oztopatzeko jartzen dituzten trabak emanez, burasoak urruntzen ditu. Haurren heziketak lasaitasuna behar du, eta, oso kontserbadorea den lurralde honetan, ez da arriskua maite. Ondorioz, haurrak beste sistema batzuetara bideratzen dira. Hori, noski, Estatuak arras ongi neurtua du. Ikastolen arteko loturek, Euskal Herria lotzen dute, zazpi herrialdeei bizia ematen diete. Horri su eman nahi diote! Erantzuna garbia izan da. Hemen aterabidea behar da, politikarien gorabeheren mende egonez ezin da jarraitu.

Alta, sozialistek balukete beste eremu batzuk kudeatzeko, leku guztietatik protestak pizten ari baitira. Ez dira beldur, politika egokia daramatela errepikatzen dabiltza. Argi dugu dagoeneko udazken beroa izanen dugula, eskubide franko moztuko dizkigutela. Eskuina okerrago omen da! Behintzat, sozialistekin zaflako andana hartu izan ditugu eta ematen du jarraitzen dugula. Estradizioen kontra manifestaldiak egiten zituzten abertzaleekin. Gobernuan izan orduko estradizioak ematen hasi ziren. Departamendua agindu zuten, edozein egitura ukatzen digute oraindik.

Egun batez buraso talde batek ikastola bat irekitzea erabaki zuen. Ez zuten zegoen sistemari egokitzea eskatu. Erronka handiena hartu zuen, bakarrik abiatzea eta bere ideiari jarraikitzea. Gure eskubideak ez dizkigu inork bermatzen, eta, beraz, herri gisa pentsatzen jarraitu behar dugu. Bai behintzat besteek pizten dizkiguten suen mehatxupean bizitzerik ez badugu nahi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo