kirol eskalada | Gazte bergararraren urrats handia
Mikel Linazisorok «White Zombie» hamabi urterekin kateatu du
Hilaren 16an, Bergarako eskalatzaile gazteak Baltzolako 8c graduko bidea poltsikoratu zuen. Zailtasun hori lortzen Estatu espainoleko eskalatzaile gazteena izatea erdietsi du. Nahiz eta bidearen baldintzak eskasak izan, helburua bospasei egunetan bete du.
Andoni ARABAOLAZA
Mikel Linazisororen izena aipatzen badugu, segur aski irakurle guztiei etorriko zaizkizue burura 12 urteko bergararrak kirol eskaladako lehietan sinatu dituen emaitza ikaragarriak. Baina, zorionez, Linazisorok jakin badaki zer den arrokan estutzea. Lehietan bezala, bide landuetan zein bistan ere progresio geldiezina du. Bere azken jarduera horren guztiaren isla da. Hil honen 16an, Baltzolan, Linazisorok «White zombie» marra (8c) kateatu zuen. Bai, kobazuloan dagoen zailtasun handiko klasiko hori 12 urterekin poltsikoratu du. Gradu hori lortzen, beraz, Estatu espainoleko eskalatzaile gazteena da.
Sarri askotan, gure mugen harainditik iristen diren antzeko berriei begiratu ohi diegu. Nork ez du gogoratzen Adam Ondraren agerraldi ikusgarria? Gaur egun, berriz, Mirko Caballero edo Ashima Shiraishiren eskaladekin ahoa bete hortz geratzen gara. Bada, urrutira joan gabe, Euskal Herrian bertan, Linazisororekin beste adibide bat dugu. Jakina, oso gazteak diren heinean, albiste horiek bere neurrian testuinguruan kokatu behar dira. Bereziak dira oso, bai, baina, berriro diogu, oso-oso gazteak dira.
Hori dela eta, bergararraren ibilbidean berebiziko garrantzia duen izen bat ekarri nahi dugu gurera. Aski ezaguna dugun Josean Mulas da, hots, Linazisororen entrenatzailea eta eskalada egiten duenaren ezinbesteko zutabea. Alabaina, Mulasek GARAri adierazi dionez, ez du protagonismo hori berdin ikusten: «Berdin dit nire lana aitortzen den ala ez; ni ez naiz honetaz bizi. Gazte bat trebea ateratzen da, eta saiatzen naiz laguntzen, Patxi Usobiagarekin gertatu zitzaidan bezala. Mikel orain ez da entrenatzen, ikaste prozesu batean dago. Kontuan hartuta oso gaztea dela, ondo etorriko zaiona irakasten saiatzen naiz».
Aipatu dugun bezala, Linazisoro progresio bikaina izaten ari da. Iaz, adibidez, 8a graduko bideak bistan eskalatu zituen eta landutakoetan 8b+ zailtasunera («Ixeia», Rodellar) iritsi zen. Aurten, berriz, beste urrats bat egiteko asmoa zuen, eta lortu egin du.
Oso azkar
Mulasek aipatu duen bezala, Linazisoro ikaste prozesu batean dago, eta, hori dela eta, eskalada estilo ezberdinak probatzen ari da: «Rodellar edo Baltzolan eskalatzen du, baina Etxauriko plaketan ere bai. Eta aitortu behar dut Mikelek jarrera bikaina duela. Bere lana ondo baino hobeto neurtu behar da; ez dut burutik nekatzerik nahi. Nire helburua goza dezala da. Iaz, oraindik 12 urte zituela, 8b+ egin zuen, baina nik ez dut nahi landutakoetan soilik zentratu. Egun bistan asko eskalatzen ari da; era horretara asko ikasiko du. Baina, jakina, berak ere urratsak egin nahi ditu».
Eta horretan zirela, gazteari «White Zombie» bidearen xedea iritsi zitzaion. Uztailean 13 urte beteko ditu, eta Mulasi esan zion urteurrena baino lehen 8c egiteak ilusioa egingo ziola: «Gure lanean, ikaste fase horretan, sentsazioek garrantzi handia dute. Jakin banekien iaz 8c egiteko gai zela, baina lasai hartu nuen. Orain gutxira arte lehiatzen izan da, eta sasoiko dago. Oso motibatuta zegoenez, saiatzea otu zitzaigun».
Baita lortu ere. Bospasei egun behar izan ditu 8c klasiko hori erdiesteko. Hala ere, ez ditu baldintza egokienak izan, besteak beste, bidea bustita eta oso heze izan zuelako. «Eguneko pare bat saio egin ditu, eta horietako batzuetan goialdea erabat bustia zuen. Orain gutxi, Baltzolan Ondra bisitari izan genuen, eta uste dut horrek lagundu diola. Izan ere, Mikeli ilusio handia egin dio Ondrarekin eskalatzeak eta haren aholkuak jasotzeak. Tartean ere Patxi zegoen», dio Mulasek.
13 urte bete aurretik, beraz, bergararrak 8c bat egin du. Behin bidea kateatuta, Linazisoro pozarren zegoen, baina, Mulasek dioen bezala, ez da egindakoaz jabetzen: «Bidetik jaitsi eta ea pozik zegoen galdetu nion. Oso isila denez, soilik baiezko keinu bat egin zuen».
Argi dago gazte honek etorkizun ederra duela, baina bere entrenatzaileak nabarmendu nahi duenez, gai hau era egokian kudeatu behar da: «Ezin gara emozionatu, eta bere inguruan gaudenok era egoki batean lagundu behar diogu. Mikel poliki-poliki joatea nahi dut. Pozik gaude denok, emozionatzeko eskubidea dugu, baina, era berean, zuhurrak izan behar dugu».
Baltzolako marra bustita eta heze bazegoen ere, bospasei egun behar izan ditu hori kateatzeko. Egun bakoitzeko pare bat saio egin zituen.
Hilaren 16ean, Mikel Linazisorok Baltzolako «White Zombie» bidea kateatu zuen. Gradu hori egin duen Estatu espainoleko eskalatzaile gazteena da
FEDMEK antolaturiko kirol eskaladako lehien zirkuitua, gazteen mailan zein seniorretan, amaitu da dagoeneko. Azken hitzordua, Espainiako Txapelketa, hilaren 15ean izan zen. Senior mailako lehiakide indartsuenak Gijonen bildu ziren, eta, jakina, euskal selekzioko kideak han izan ziren.
Lau ordezkari lehiatu ziren, eta, inolako zalantzarik gabe, Irati Andak erdietsitako zilarra nabarmendu behar dugu. Gasteiztarrak oso lehia ederra egin zuen. Sailkapeneko bidea kateatu zuen. Finalean, berriz, ondo baino hobeto jardun zuen, baina katera heltzen ari zela erori egin zen. Soilik helduleku batengatik ez zuen garaipena poltsikoratu. Eillen Jubesek irabazi zuen, Espainiako Kopan bezala. Postu bategatik, Zuriñe Arruek ez zuen finalerako txartela eskuratu eta bederatzigarren postuarekin konformatu behar izan zuen.
Mutiletan, bestalde, bi euskal ordezkari lehiatu ziren: Iñaki Arantzamendi eta Antton Zabala. Biak ala biak ez ziren finalera pasa. Arantzamendi 12.a izan zen eta Zabala 16.a. Andoni ARABAOLAZA
Gaztearen entrenatzaile Josean Mulasek dio Linazisororen progresioa era egokian kudeatu behar dela eta, beraz, zuhurrak izan beharra dagoela
Bergararrak Adam Ondrarekin eskalatzeko aukera izan zuen. Ilusio handia egin zion gazteari; izan ere, asko miresten du