GARA > Idatzia > Euskal Herria

eh jaietan

Arbizuko sanjoanak: suaren gainean memoria, izpirituak eta festa giroa bero-bero

Frantsesek Arbizu sutan kiskali zuteneko 200. urteurreneko sanjoanak gaur hasiko dira, auzolanean osatutako ikuskizun paregabe eta hunkigarriak larunbatetik jai giroa, eta betirako memoria, piztu dituen arren.

p023_f03_148x107.jpg

Miren LARENA | ARBIZU

Aurtengo sanjoanak ezberdinak dira Arbizun. Beti bezain bizi eta herritar izanagatik ere, ez da ahanzturan geldituko duela bi mende, 1813. urtean, Jose Bonaparteren tropa frantsesek Arbizu erraustu zutenekoa. Eta memoria kolektiboan betikotzeaz gain, errauts haietatik herria jaikitzeko, berreraikitzeko eta bizitzeko lan eta adorea ere ospatu nahi dira. Arbizuarrak izango dira protagonista, arbizuarrak eta sua. Su suntsitzailea, baina piztuta atxiki duen herriarentzat, kemena damaion sua. Oroitzapen txarrak berarekin eraman eta biziberritzea altzoan dakarren sua.

Oinarri historikoa eta euskarri musikal, idatzizko eta irudizkoak dituen ikuskizun espezial eta kuttunak egin die ongietorria, berez, San Juan bezperako suekin ofizialki hasten diren festei. Herritarrak elkarlanean, alboko herrien esku-kolpea eta irudimena lagun, barrenak astintzen dituen konposizioa osatu dute, herriaren indarra eta autokonfiantza sendotuko dituena. Gauean izan zen emanaldia, baina ordurako, Arbizun horrenbesteko aztarna utzi duen gertaera tragiko haren inguruan, haurrek ipuin kontalari eta altxor bilatzearekin gozatu zuten, propio sortutako bertsoekin auzate historikoa eta herri bazkaria herritarrek, eta, dudarik gabe, benetan pozik senti daitezke antolatzaileak jendearen erantzunarekin. Sentimendu eder askoaz lepo. Hilabete luzeetan amets zuten desira horrela aseta ikusita, festei gogo handiagoz heltzeko aski motibo kolkoan.

Gustu eta publiko guztientzat

Zazpi eta erdietan jaurtiko den txupinazoak festa giroaren eztanda frenetikoa barreiatuko du Arbizuko bazterretan. Jaiak txarangaren musika lagun, San Juango ermitara abiatuko dira gero herritarrak. Han Arbizu eta Etxarriko koroen Bezperak eta gero, «Maria Lonbreren Zaldiya» dantzatuko da. San Juandik herrirako jaitsieran, salto eta brinko suen gainetik gazteak dabiltzala -baita hain gazte ez direnak ere- buelta egingo dute herriko plazarantz, aspaldikoa, oso sustraitua eta festetan zehar egunerokoa duten kuadrilla afariaren hitzordua bermatzera.

Festen lehen eguna izanik, indarrak -eta poltsikoak- oraindik sendo, lagun giroan bapo afalduko dute, udaletxeak eskaintzen duen «aate»-arekin zintzurrak ederki bustiz. Arbizutik kanpo bizi diren herritarrak, Arbizurekin lotura espeziala duten kanpotarrak, gazte eta zahar, eme eta ar... herri oso bat plaza publikoan kontu kontari, umore onean afaltzen.

Afalosteak noiz arte iraungo duen ez dago esaterik, baina edonola ere, gaua luzea da eta bada bai non eta zer gozatu. Tximeleta taldeak dantzaldia eskainiko du ordu txikiak arte dantza gogoa ase nahi duen ororentzat. Eta egun argiarekin, kalean gora kalean behera ez da gaupaserorik faltako. Ez horixe.

Arbizun egoterik ez duten herriko preso eta errefuxiatuak gogoan, inorekin pasatu gabe, ongi pasa sanjoanak. Tope-topera. Oxala izango balira arbizuar orok egiten dituen ametsen neurrikoak!

Superprodukzioa

1813an Arbizu sutan kiskali zuten tropa frantsesek; bi mende geroago, baina, errauts haietatik jaiki eta egun bizi-bizi den herriak elkarlanean osaturiko ikuskizun paregabea eman du; herriaren erantzun ederra jaso duen zinezkoa herri- «superprodukzioa»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo