Arbizuarren kasta aterata, San Juanak merezi bezala, den-dena emateko prest
San Juan eguna atzo, eta sei egunez jarraian, gustu eta jende partikularrenak ere asetuko dituen eskaintza zabala gozatzeko aukera dago Arbizun, euskara eder askoa duen herri harroaren gonbidapen paregabean.
Miren LARENA | ARBIZU
Astelehenetik larunbateraino, San Juan egunetik Haurren Egunera, kintoen, gazteen, jubilatuen eta preso eta iheslarien egunetan zehar egituratuta, Arbizura bertaratuko den orok izango du, bai, festa giroan non murgildu eta zertaz gozatu. Arbizuarrentzat kuttun-kuttunak diren «aate» eta koadrilen eguneroko afariez gain, adin eta gustu partikularrenek ere izango dute beren tartea eta gozamenerako aukera. Bai horixe.
Atzo, txarangaren diana, meza nagusia eta «aate»-aren ondoren, Arbizu eta Lakuntzako haurren dantza emanaldia izan zen, eta haurren gozagai, arratsaldean tailerrak, bonba japoniarrak eta «Irrien Lagunak» ikuskizuna. Afalostean, berriz, «Haize Berriak» banda eta su-artifizialen ostean, gauerditik aurrera DJ Sergey-rekin dantzaldia, nahibeste eta noranahi dantzatzeko aukeran..
Kintoen eta gazte egunak datoz gaur eta bihar, eta are adin horietan, maite den festari dena eman behar zaiola kontutan hartuz, espero daiteke espero daitekeenez, egun argiko egitarau aski abertsekin batera, gau txorien giroa. Gazteen egunean Julio Soto eta Eneko Lazkoz bertsolariek kitzikatuko dituzte afalaurrean urdailak eta gero, gauerditik ordu txikietan barna egunsentiraino Gozategi eta Stupenda Jones musika taldeen emanaldia izango da.
Jubilatuen egunak, ostegunez, hartuko dio lekukoa gazteen egunari. Haientzat apropos meza, haien artean helduenei oroigarri banaketa, luntxa eta herriko musikariekin dantzaldia ez da faltako. «Sakana euskara bidean» edozeinek ikusteko moduko dokumental arin eta atseginaren aurkezpenaren propo- samen interesgarria ere badago. Emakumeen afaria eta Alerta Gorriaren kontzertu aipatzekoak dira ere.
Preso eta iheslarien eguna
Festa eta aldarrikapena, festetan egon ezin ez diren arbizuarrak -eta euskaldunak-gogoan eta haien ausentzia plaza publikoan gertuko presentzia, makina bat ekintzekin dator ostirala. Txistulariekin diana, pintxo txapelketa eta Herrira elkartearen «aate»arekin eguerdia etorriko da, arratsaldean haurrek gero beren ginkana eta buruhandiak gozatu ahal izango dituzte, Arratsaldeko zortziretan, preso eta iheslariak etxera ekartzea aldarri- katuz, kontzentrazioa izango da herriko plazan. Gero, bapo afaldu eta inguruko herrietako eta haragoko bisitariak ugarituko diren gauean, «Gozo-Gozo» taldearen dantzaldia izango du. Ordu txikietaraino musika, eguerdiko eguzki handirainoko gaupaseroen bizigarri.
Haurren egunak emango die akabera San Juanei. Beren jolas parke, bazkari, sari eta abarrekin.
Gorputzak xehatuta eta dirutza xahututa, marabilla diren festa hauen guna guztia xurgatuta, heldu den urterarte. Ongi pasa eta eutsi arbizuarren izaite zoragarri horri!
»Sakana euskara bidean» edozeinek ikusteko moduko dokumental arin eta atsegina aurkeztuko da ostegunean, jubilatuen egunerako proposamen zinez interesgarria.
Biharko gazteen egunean, Julio Soto eta Eneko Lazkoz bertsolariek kitzikatuko dituzte afal aurreko emozio eta sentsazioak. Bapo afaldu eta gero, Gozategi eta Stupenda Jones taldeekin martxa totalaren eztanda frenetikoa.