GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Manu Azkarate | Ziburu

Zaintza partekatuari buruz

Sorturen politika feministaren lantaldearen artikuluari benetan kezkagarria deritzot. Kezkagarria eta mingarria. Astean behin soilik aita izatera kondenatzea ulertuko nuke Opus Deikoen jarreretatik. Ezkerreko jarreretatik, ez

Sorturen politika feministaren lantaldearen izenean, Lur Etxeberriak zaintza partekatuari buruzko iritzi bat eman digu. Artikulu horretan hausnarketa sustatzeko mahaigaineratzen diren elementu batzuei buruzko iritzia ematera ausartzen naiz ni ere. Ez dakit iritzia edo kontra-iritzia, ez dakit mahaiaren gainean ezartzen dituen edo ahanzturan gelditzen diren elementuez.

Artikuluan zaintza partekatuaren aldeko posizioa hartzen badu ere, Gasteizko Legebiltzarrean herri-ekimenak defendatutako lege-proposamena ez du begi onez ikusten. «Badirudi gaur egun banantze kasuetan zaintza partekatua gauzatzea ezinezkoa dela. Hori ez da horrela, ordea. Gaur egungo araudiak posible egiten du haurren zaintza partekatua», diozu.

Bai, baina ez. Posible bai, baina, zenbat kasutan ebazten du epaiak zaintza partekatuaren alde? Ze portzentajean? Zuk zeuk erantzuten duzu: bakarrik gurasoak ados jartzen direnean. Eta ados jartzen ez direnean? Tamalez, horrela suertatzen baita sarri askotan. Modu adostuan burutzen ez diren banantze kasuak, heren bat (gutxi gorabehera) omen dira, diozu. Ez da egia osoa, epaitegietara ez jotzeko zure irakurketaz gain, beste irakurketa bat badago: aita anitzen aldez aurretiko errenuntzia, etsipena, jakinda aiten eskaerek zer ibilbide izaten duten...

Adostasunik ez dagoenean, «egoera bakoitza aztertzen da, haurraren beharrizanei ondoen erantzungo dien konponbidearen bila» eta «kasu bakoitza aztertu egiten da», diozu.

Haurren zaintza partekatuaren sententzia bakoitzean halako egoeraren azterketa dagoela sinesteak eta, beraz, ontzat emateak zer pentsatu ematen du. Tribunalekiko konfiantza eta alienazio jarrera hori, ezjakinta- sunetik edo gaizki ulertutako feminismo batetik bakarrik uler daiteke. Are gehiago, «justizia» izenez ezagutzen dugun hori, gizarte matxista honetako zutabe nagusietako bat dela jakinda. Praktikan, tribunalek orain arte mantendu duten erabakia adostasunik egon ez den kasuetan, ia beti berdina izan da: haurrak amaren zaintzapean egotea. Salbuespenak salbu. Datuak hor daude, ikusi nahi dituenarentzat behinik behin.

Eta orduan, haurraren beharrizanei ondoen erantzungo dien konponbidea ematea, haurrak amaren zaintzapean egotea al da Sorturen politika feministaren taldeko aukera? Eta aitaren eskubideak non gelditzen dira? Edo aitaren eskubideak amarenak baino gutxiago al dira? Ezin al dute berak izan? Eta haurren beharrizanei hobekien erantzungo dien konponbidea amaren esku bakarrik al dago, ez bada-eta gastuetarako? Zeren, berriro diot, akordiorik ezean, amak eskatzen badu seme-alaben kustodia, zenbatetan ukatzen zaio? Eta kasu horietan, amaren nahia zaintza partekatuaren gainetik ezarri behar al da? Eta zergatik errealitate honen inguruan dagoen diskriminazioa «tabu» bilakatzen da emakumeen defentsan aritzen diren hainbat militante nahiz kolektiborentzat?

Gizonezko askok -abaniko ideologiko guztietakoak, PPtik ezker abertzaleraino- pairatzen duten egoera onartzeak -mina, amorrua, inpotentzia, injustizia...-, ez dakar emakumeen eskubideen eta askatasunaren kontra egitea. Edozein banantze mingarria da. «Lagunak bezala geratuko gara» esaldi topikoa ez da sarri askotan gertatzen. Horrela da. Seme-alabak tartean badira, seme-alabentzako kalterik txikiena bilatzea izan behar dugu helburu. Badakit batzuetan ezinezkoa edota kontrajarria izan daitekeela haurraren zaintza partekatua gauzatzea. Badakit dena eta denon gainetik haurrak daudela, beren orainaldia eta etorkizuna. Baina badakit gai honen atzean krudelkeria asko dagoela ere, feminismo mota batetik aitortu nahi ez den sufrimendu anitz. Errealitate bat ezkutuan mantentzen segitu nahi izateak ez du mina leuntzen eta, are gutxiago, desagerrarazten. Konponbidea? Ez da erraza, baina gaur egungo egoera injustua da, erabat injustua, eta ezin dugu ontzat eman. Eta horretaz jabetzen ez garen bitartean, gaizki goaz.

Bukatzera noa. Sorturen politika feministaren lantaldearen artikuluari benetan kezkagarria deritzot. Kezkagarria eta mingarria. Astean behin soilik aita izatera kondenatzea ulertuko nuke Opus Deikoen jarreretatik. Ezkerreko jarreretatik, ez. Tribunalen sententzien azpian, sententzia sexistak, betiko matxismoarekin egiten dugu topo beraien sustraietara joz gero: «los hijos son de la madre». Beste batzuek seme-alabak ez direla inorenak pentsatzen dugu. K. Gibran olerkari handiak zioen bezala: bizitzarenak dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo