GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Edward Snowdenen nondik norakoen paradoxak

Edward Snowden AEBetako inteligentzia zerbitzuetako kide ohiak salatu dituen kontuen gaineko iritzia dena delakoa izanda ere, bistan da haren nondik norakoek ondorio diplomatiko nabarmenak dituztela. Batzuentzat AEBetako Gobernuaren hipokrisia eta zabarkeria agerian jarri eta pribatutasuna babesteagatik heroia da; beste batzuentzat, bere herriaren aurkako traidorea. Bi gauza nabarmen utzi ditu, baina, Snowdenek. Alde batetik, AEBak direla munduko hacker ofizial eta handiena, mundu osoko herrialde eta herritarrak espiatzeko kanpaina masiboa martxan dutelarik estatubatuarrek. Bestetik, deklaratu gabeko gerra zibernetiko zabala dutela estatubatuarrek herrialde askoren kontra, nahiz eta, ofizialki, gerran egon ez ala gerra deklaraziorik egin ez dieten.

Bizitzaren ironiak zer diren! Orain, AEBek ziber-gerra egiten dieten herrialde batetik bestera saltoka omen dabil Snowden: Txinatik Errusiara, Errusiatik Kubara, Kubatik Ekuadorrera... Ez dirudi kasualitatea denik. Ibilbide horrek mahaigaineratzen dituen paradoxek eta herrialdeok oso baliagarriak diren sekretuen jabe egiteko aukerak ulergarria den haserrea eragin dute AEBetan. Ez da gutxiagorako, zaplaztekoa monumentala baita! Ez da ezagutzen Snowden zehazki non den, baina, dagoen tokian egonda ere, AEBek aberrigabetu dute jada. Atxiloketatik salbu luzaroan eustea desiragarria litzateke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo