GARA > Idatzia > Ekonomia

Bokaleko Fertiladour enpresaren historia iluna guztiz argitzeko bidean da

CADEk 1997. urtean kaleratu zituen Bokalen kokatuko Fertiladour enpresako erradioaktibitate tasa handiari buruzko lehen datuak. Hogei urte luzeko etengabeko borrokaren ondotik, langileei produktu minbizi sortzaile, mutageno eta erreprotoxikoen esposizioa jasan izana aitortzen dien fitxa bidaliko die enpresak.

p026_f02_98749.jpg

Ainize BUTRON

Fertiladour enpresa industrian egin behar ez denaren sinbolo bilakatu nahi izan du CADE inguramen kolektiboak, 1997an lantegi horretan manipulatutako produktu erradioaktiboen berri eman zuen geroztik. 2009an, Bokaleko zazpi hektareako lur eremu industrial horretan komertzioak eraikitzeko zegoen asmoaren berria zabaldu zelarik, argi utzi zuen egoera Victor Pachon CADEko ordezkariak: «Eremu hori industrian egin behar ez denaren adibide izatea nahi dugu. Enpresek gertatutakoa ezin dela sekulan ere errepikatu ulertu behar dute». Izan ere, Fertiladour enpresaren iragana Baionako portuaren historian orban beltz bat bezala geratuko da. Ongarria ekoizten zuen portuko lantegi horretan, urte luzez, mineral mota ugari baliatu zituzten. Kuartzoa eta Australiako monazita izan ziren horietako bi. Kuartzoaren errautsa arnastu izanagatik, adibidez, langile ohien artean silikosi kasuak biderkatu egin ziren, eta, azkenean, laneko gaixotasun gisa onartua izatea lortu zuten.

1970. urtean, enpresan legez kanpo monazita txikitzen eta metatzen hasi ziren. Jarduera horrek 1993. urtera arte iraun zuen. Hogei urte pasa egin zituzten langileek, beraz, produktu erradioaktibo horrekin lanean. Azkenean, elkarte ezberdinen etengabeko salaketei esker, 2011n lortu zen lur horiek «iraunkorki kutsatuak» izan zirela onartzea. 2001ean, izan ere, Industria Ikerketarako eta Ingurumenerako Eskualde Agentziak «kontaminazioa kendua» izan zela jakinarazi zuen. CADEk, bere aldetik, analisiak egin zituen kutsadura oraindik hor zela argitzeko. Datuen borroka horretan, inguramenaren aldeko kolektiboa izan da garaile azkenean, 2011n ANS Segurtasun Nuklearrerako Autoritateak «lurrak iraunkorki kutsatuak» izan zirela ondorioztatu baitzuen.

2010. urtean bi langile ohi hil ostean, CADEk hasitako borroka langileen eta familien sostengu batzordeak jarraitu zuen. Ordutik, lur eremu horretan manipulutako produktu erradioaktiboei buruzko informazioa emateko exijitzen ari da batzordea. Akitaniako Eskualde Kontseiluaren sostenguarekin, duela bi urte, Osasun Zaintzarako Frantziako Institutu Nazionalari ikerketa epidemiologikoa egitea eskatu zioten. Institutuak sintesi txostena helarazi zien. «Inkesta epidemiologiko batekin ezingo genuela langileen eta eritasunaren arteko loturarik egin azaldu ziguten, eta, ondorioz, aukerarik onena enpresariek langile bakoitzari produktu minbizi sortzaile, mutageno eta erreprotoxikoen esposizioa jasan izana aitortzen dien fitxa helaraztea izango zela aholkatu zigun», argitu du Jean Yves Deyris sostengu batzordeko lehendakariak.

Industria Ikerketarako eta Ingurumenerako Eskualde Agentzia, langileen sendagileak, Osasun Zaintzarako Frantziako Institutu Nazionala, Fertiladour enpresako buruak eta sostengu batzordeko kideak berriki bildu ziren Baionako Suprefeturan, eta, guztien artean, institutuaren erranak indarrean jartzea erabaki zuten. Deyrisen esanetan, «garaipen handia» izan da. Hori bai, borroka ez da oraindik bukatu.

Kaltetutako langile kopurua, ezbaian

Fertiladour enpresak monazita erabili zuten langileak berrogei inguru baizik ez zirela badio ere, sostengu batzordearen zerrendan berrehun izen daude. «Lantegian aritutako langile guztiek fitxa hori eskuratzea nahi dugu. Legez debekatuta dago bitarteko langileei gune erradioaktiboetan lan eginaraztea. Fertiladourrek egin du. Kanpoko enpresa asko aritu dira lanean gune horietan, eta horiek ere kontuan hartu behar dira», salatu du Deyrisek.

Zerrenda eztabaidatzeko bilera ez da oraindik finkatuta. Bitartean, sostengu batzordeko kideak hamalau langile ohirekin elkartu dira errautsari, esposizioari edota lan baldintzei buruzko informazioa biltzeko. «Ezin daiteke jakin erradioaktibitateak zein eragin izango duen langileengan, laneko gaixotasunen katalogoan ez baita argi zein den produktuon eragina. Silikosia, berriz, ezaguna da laneko gaixotasun gisa, eta Fertiladour enpresako langileek onartutakoa baino 50 aldiz kuartzo esposizio handiagoa izan dute», argitu du Deyrisek.

Sostengu batzordeak datorren ekainaren 29an batzar nagusia eginen du orain arte eramandako borrokari zer-nolako jarraipena ematen dion aztertzeko. Esposizioa jasan izana aitortzen duten fitxak eskuratu bezain laster, sendagileen segimendu iraunkorra jasotzeko eskubidea lortzeaz gain, langileek eta senideek enpresa auzitara eramateko aukera ere izango dute. Hala balitz, biltzar nagusian, sostengu batzordeak familiei laguntza judiziala eman edo ez aztertuko du. Batzordearen arabera, laneko istripuen, silikosiaren eta minbiziaren eraginez lantegiko berrogei bat langile zendu edo gaixotu dira.

200 langile

Fertiladour enpresako buruak eta sostengu batzordeko kideak esposizioa zenbat langilek jasan zuten zehazteko borrokan ari dira orain. Batzordearen arabera, 200 langile hartu behar dira kontuan.

Egitura administratiboen axolagabekeria mahai gainean

Sostengu batzordeak bildutako datuen arabera, Fertiladour enpresako buruzagitzak bazekien, 1970ean monazita txikitzen hasi zelarik, produktua arriskutsua zela. 1973an monazita baliatzen zutela publiko egin zelarik, Industria Ikerketarako eta Ingurumenerako Eskualde Agentziako garaiko ordezkari batek lantegia bisitatu zuen, eta, kaleratutako txostenean, Fertiladour enpresan erradioaktibitateari aurre egiteko material guztia zeukatela esan zuen. «Ez zen egia. Langileek eta auzoko bizilagunek errauts erradioaktiboak jasan dituzte inolako babesik gabe. Gertatu dena kriminala da», salatu du Jean Yves Deyrisek. A.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo