Plentzian lau gazte harrapatu zituen gidariak positibo eman du
GARA | PLENTZIA
Europa Press agentziak jakinarazi zuenez, lau gazte zauritu ziren San Juan bezperako gauean Plentzian, metro geltoki ondoko horma batean eserita zeudela auto batek harrapatuta. Horietako bi neska hondarrez betetako gune batera erori ziren eta suhiltzaileek atera zituzten. Gurutzetako eta Basurtuko erietxeetara eraman zituzten denak, zauri arinekin.
Gidaria bidetik atera zen geltoki pareko bihurgunean, eta alkoholemia proban positibo eman zuenez, atxilotu egin zuten.
Ez zen izan urteko gaurik luzeeneko istripu bakarra. Lakuako Gobernuko Segurtasun Sailak azaldu zuenez, gauerditik hamar minutura, Legazpiko ikastolako patioan piztutako su bat kaperako teilatura iritsi zen.
Ez zen inor zauritu, baina teilatu-hegalaren zati bat erori egin zen. Suhiltzaileak Santikute kalean kokatutako zentrora joan eta sua itzali zuten.