GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

2. B MAILA | Arrakastatik 90 minutu eskasera dago jada Eibar

Nortasun probarik zailena

Ipuruako garaipenak piztutako euforia alde batera utzi eta itzuliko partidan pentsatu nahi dute armaginek.

p033_f02_148x108.jpg

Amaia U. LASAGABASTER

Ez da txikia Eibar Bigarren Mailara igotzeko azken kanporaketaraino eraman duen bertuteen zerrenda: garaipen gosea, lanerako jarrera ezin hobea, golak egiteko gaitasuna... Eta batez ere, bai adituen, bai zaleen, bai taldekideen beraien ustetan ere, nortasuna, talde irabazle bat bereizten duen ezaugarri nagusienetakoa. Ezinbestekoa une txarrak gainditzeko, baina baita onak kudeatzeko ere

Ipuruan larunbatean pilatutako abantaila bikaina (3-0) kontuan hartuta gezurra badirudi ere, gorri-urdinen nortasunak probarik zailena izan dezake aste honetan. Izan ere, konfiantzak eta baikortasunak, gomendagarriak izanagatik ere, mugak behar dituzte lagun arriskutsu bilaka ez daitezen. Eta muga horiek ezartzen dihardute eibartarrek, euforia aldagelatik kanpo mantenduz.

«Ez da erraza, denbora pasa da, baina guk ere oraindik buruan bueltaka daukagu larunbateko partida: jendeak etengabe zoriontzen gaitu, sekulako poza eta baikortasuna dagoela nabaritzen da... Baina deskonektatzen saiatu behar dugu -onartu du Txema Añibarrok-. 90 minutu ditugu aurretik, eta, L'Hospitalet taldeko entrenatzaileak esan zuen bezala, beraien zelaian oso luzeak izan daitezke 90 minutu. Kanporaketa gaindituta dagoela pentsatzen badugu, akabo; are gehiago Hospitaleten kontra, denboraldi osoan zehar oso talde indartsu eta sendoa dela demostratu baitu. Deskonektatu, partida ondo prestatu eta denboraldiko azken esfortzua egiteko prest egon behar gara».

Horrek ez du esan nahi armaginen kapitainak konfiantza ez duenik, ez bakarrik hiru goleko abantailak helburua gerturatzen duelako, baizik eta Eibar eskaintzen ari den irudi bikainagatik ere. «Taldea ondo dago aspalditik, futbol ona egiten, gol aukerak sortzen, golak sartzen, partidak irabazten... Horrek ez du ezer ziurtatzen, baina argi dago lan egiten eta partidei aurre egiten laguntzen duela». Ez da atzoko kontua. Larunbateko emaitza kiniela gutxitan agertuko litzatekeen arren, ez baitziren asko izango sorpresatzat hartuko luketenak, gipuzkoarren ibilbidea nolakoa izan den ikusita. «Emaitza harrigarriagoa izan daiteke, baina jokoari dagokionez ez dut uste ustekaberik egon zenik -adierazi du Añibarrok-. Une txarrak izan ditugu, baina urtea, orokorrean, borobila izaten ari da Ligan. Kopan ere gauza politak egin genituen eta berdin orain kanporaketetan. Eta horri esker, lau urte hauetan lehen aldiz hirugarren kanporaketara aukerekin heldu gara. Baina argi daukagu aurreko hamaika hilabeteotan egin dugun lan guztiak helburu bakar bat duela eta bera eskuratzeko L'Hospitaletera lan egitera, sufritzera eta ehuneko ehuna ematera joan behar dugula».

Berezia

Añibarrok bezala Eibar zilarrezko mailan ezagutu dutenentzat, berezia litzateke oso igoera. «Ni taldera heldu nintzenean, Eibar Bigarren Mailan zegoen. Aldiz, denboraldi horretan bertan jaitsi ginen. Ordaindu beharreko zorra daukadala uste dut -aitortu du atzelari bizkaitarrak-. Ziur nago denok sentituko genukeela sekulako poza igoz gero, baina argi dago niretzat oso berezia izango litzatekeela, lau urte baitaramatzat jo eta ke taldea zegoen lekura bueltatzeko lanean. Benetan espero dut igandean hori guztia ospatu ahal izatea».

Bultzakada

Ustekabeko laguntza jaso zuten gorri-urdinek larunbatean. Partida hasi aurretik Eibarren historian pisu handia izan duten hainbat jokalari -azken hogei urteotako kapitain gehienak besteak beste- Ipuruako aldagelan izan ziren taldea animatzen.

Aurrekariek baikor izateko arrazoi ugari ematen dituzte

Eibarrek larunbatean lortutako garaipen bikainak ez du aurrekari gehiegirik. Eta daudenek, baikortasuna indartu besterik ez dute egiten.

2005. urtean egungo kanporaketa sistema ezarri zenetik -aurreko denboraldietan ligaxka bidez erabakitzen ziren igoerak-, hiru kasutan besterik ez da eman Ipuruako 3-0koaren antzeko emaitza, eta hiruretan galtzailea ez da kanporaketari buelta emateko gai izan. Orain dela bi urte, Guadalajarak 4-1 gainditu zuen Sevilla Atletico, eta, itzuliko norgehiagokan galdu arren (3-1), hurrengo faserako sailkatu zen. Are ikusgarriagoa izan zen Real Madril B taldeak iaz egindakoa. Igoera lehen aukeran lortu zuen, Cadiz 0-3 eta 5-1 gainditu ondoren. Antzeko emaitzak lortu zituen ondoren, txapeldunen kanporaketan, Mirandesi 3-0 eta 0-3 nagusituz.

Ez dira konfiantza hauspotzen duten zenbaki bakarrak. Aurreko zortzi urteotan, 26 izan dira partidu batean -joanekoa zein itzulikoa- hiru gol edo gehiago sartu dituzten taldeak, eta horietatik hiru besterik ez dira azkenean kanpoan geratu: Sevilla Atletico -Guadalajara 3-1 gainditu zuen, joaneko norgehiagokan 4-1 galdu ondoren-; Poli Ejido, honen kasuan kanpoan sartutako golen balioarengatik, etxean hiruna berdindu baitzuen Bartzelonarekin itzulikoan bana amaitzeko; eta Cadiz, Lugoren aurkako bi partidak emaitza berberarekin amaitu ondoren (3-1 alde eta kontra), penaltietan galdu baitzuen.

Baikortasuna borobiltzeko azken datu bat ere badago. Kanporaketa sistema ezarri zenetik, hiru taldek bakarrik lortu dute igandean L'Hospitalet taldeari igoera emango liokeen emaitza itzuliko partidan: Sevilla Atletico (4-0), Jaen (5-0) eta Real Madril B (5-1). Gainera, hiru taldeen kasuan, kanporaketa alde zuten joaneko norgehiagokatik.

A.U.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo