GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora | Txapeldunen Liga

Nazabalek faboritoa zein den argi eta garbi utzi du

Etxarriko aizkolariak irabazi du lehen jardunaldia, Jon Rekondori ia minutu bateko aldea kenduta.

p036_f01_148x108.jpg

Jon LEUNDA

Floren Nazabal da Urrezko Aizkorako Txapeldunen Liga irabazteko faborito nagusia, eta Etxarriko txapeldunak garaipen batekin ekin dio lehiaketari. Bertan, Urrezko Aizkoran aritutako sei onenak neurtzen dira.

Lehen jardunaldi honetan Nazabalek Juanjo Lopezen aurka jokatu behar zuen, baina azken orduan Lezaungoak ezin izan zuen aritu, eta bere ordez Jon Rekondo aritu zen. 45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu izan zen egin beharreko lehen lana, eta leitzarrak irabazi zuen, enborra 29 kolpetan erdibituz, eta biren aldea kenduz.

Ondoren, tamaina bereko enborra erlojuz kontra ebaki behar izan zuten. Nazabalek irabazi zuen, enborra 50 segundoan moztuta, eta baten aldea kenduta. Hala ere, Rekondok segundo bat aurretik jarraitzen zuen.

Hirugarren lanean, 45 ontzakoa zutik jarrita ebaki behar izan zuten, eta Rekondok lehen zuen aldea gehitu egin zuen, enborra minutu eta 50 segundoan botaz, eta 24 segundoko zuloa eginez. Laugarren ekinaldian, ordea, Nazabalek aurka zuen aldeari buelta eman, eta saioa ia erabakita utzi zuen.

60 ontzakoa zeinek azkarrago moztu lehiatu ziren ondoren, eta Etxarrikoak 3 minutu eta 21 segundoan burutu zuen bere egin beharrekoa, eta Rekondori minutu bat eta 13 segundo kendu zizkion, aurretik jarriz. Bosgarren saioan, bakoitzak 45 ontzako bat zutik jarrita eta beste bat etzanda jarrita ebaki behar izan zituen. Lehen zuen aldea gehitu egin zuen Florenek. Lana 3 minutu eta 38 segundoan amaitu zuen, eta 17 segundoko tartea kendu zion. Azkeneko lanean, bakoitzak lau kana-erdiko ebaki behar izan zituen. Saio hau hasi aurretik, minutu bat eta bost segundoko tartea zuen alde Nazabalek. Azkeneko proban Rekondo izan zen garaile, eta 8 minutu eta 35 segundoan amaitu zuen lana, eta bederatzi minutuan Floren Nazabalek. Denera, 18 minutu eta 34 segundo behar izan zituen Floren Nazabalek, eta 19 minutu eta 14 segundo Jon Rekondok.

Harri-jasotzea

Urruzunok irabazi zuen Bizkaiko Harri-jasotze Txapelketa. Lau kirolari lehiatu ziren, eta berrikuntza Urdax Magunazelaia izan zen. 16 urte besterik ez ditu, eta lehen aldiz aritu zen txapelketa ofizial batean. Azkena geratu zen, baina etorkizun ikaragarria du. Bakoitzak, 113 kiloko kopa, pisu bereko kubikoa eta 100 kiloko bola erabili zituen. Bakoitzak hiru minutuko txanda bana izan zuen. Urruzunok 69 jasoaldi lortu zituen guztira. Bigarren Urpe sailkatu zen 58 jasoaldirekin. Hirugarren, berriz, Zelailuze geratu zen 52 jasoaldirekin. Azkena, esan bezala, Magunazelaia izan zen, 43 jasoaldirekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo