Sokatira
Denboraldiko bigarren txapela ere inongo eragozpenik gabe eskuratu du Erandioko Goiherri taldeak
J.L.
Erandioko Goiherri taldeak inongo eragozpenik gabe irabazi du denboraldiko bigarren txapela ere. Oraingoan 640 kilokoan nagusitu da. Gainera, orain arte jokatu dituzten tiraldi guztiak irabazi dituzte berdeek.
640 kiloko azken saioan ere tiraldi guztiak irabazi egin zituzten bizkaitarrek, eta inork zalantzarik txikiena ere baldin bazuen, garbi utzi zuten zein den aurtengo txapelketako talde onena. Lehia bigarren, hirugarren eta laugarren posturako ikusten zen, eta hor Mutriku izan zen onena, eta beretzat izan zen bigarren postua, bai azkeneko saioan, bai sailkapen nagusian ere. Goiherri B sailkatu zen hirugarren postuan, eta horrekin sailkapen nagusian ere postu hori indartu egin zuen.
Gaztedi A taldeak, berriz, ezin izan zion pasa den astean erakutsitako bolada onari jarraipenik eman, eta laugarren postuan amaitu zuen azkeneko jardunaldia, eta sailkapen nagusian ere hortxe geratu zen. Azkeneko bi postuak, berriz, lehendik ere erabakita zeuden, eta amaierako saioan ere ez zen ezusterik izan, eta Gaztediren bigarren taldeak mendean hartu zuen Getxo. Hala, azken horiek itxi zuten sailkapena.
Giza-proba
Urretxuk eta Aiztondok lortu zuten Gipuzkoako finalean izateko txartela. Urretxun jokatu zen B multzoko itzulerako neurketa, eta joanekoan emandako emaitzak ia errepikatu egin ziren, eta berriro ere Urretxuko taldea izan zen onena. 20 minutuan lanean aritu ostean, berdeek 47 plaza eta 1,50 metro egin zituzten. Aiztondo sailkatu zen euren atzetik, eta haiek 45 plaza, eta 6,10 metro egin zituzten. Horrekin finalean izateko txartela segurtatuta utzi zuten. Azkeneko postuan, lehen jardunaldian gertatu zen bezalaxe, Zizurkil izan zen, eta 44 plaza izan zen beraiek egin zuten marka. Zizurkildarrek ezingo dute finala jokatu.
Orain A multzokoak faltako dira beraien kanporaketa jokatzeko, eta hor Mendaro, Deba, Orio, eta egungo txapelduna den Berrobi lehiatuko dira.