Donostia 2016 Fundazioak EHZ jaialdiko bi sorkuntza prozesu lagundu ditu
GARA | DONOSTIA
Donostia 2016 Bulegoak jakitera eman zuen, atzo, 18. ediziora iritsi den EHZ jaialdiaren baitan garatzen ari diren bi sorkuntza programekiko -Sorgin eta Artean- duen elkarkidetza. Izan ere, sorkuntza artistikoak eta horien lan prozesuak balioan jarri nahi dituzte bi programa horiek, eta, hala, Donostiako egitasmoaren helburuekin bat egiten dute.
Donostia 2016 egitasmoaren proiektu zuzendari Igor Otxoak azaldu zion GARAri zergatik lagunduko dituzten bi programa horiek: «Gure filosofiaren hainbat baliorekin bat egiten du Euskal Herria Zuzenean jaialdiak: tokiko eta bidezko produktuak eta ekoizleak sustatzea, elkartasuna, ingurumenaren zaintza, euskara eta euskal kultura, elkartasuna eta, jakina, sorkuntza artistikoa».
Sorgin eta Artean
Aurten, Sorgin programa eredu parte hartzaileago batera bideratu nahi izan dute, asmo handiago batekin, sortzaileez gain lurralde osoko beste eragileak ere prozesuan nahasteko. Diziplina anitzeko artistek hartu dute parte.
Prozesuaren abiapuntua Fermin Muguruzaren kolaborazioarekin Willis Drummond taldeak jaialdiarentzat propio egindako kantua izan da. Oinarri horrekin argazki sorkuntza deialdi bat zabaldu zuten sarean, osatu gabeko bideoklip bat aurkeztuz. Parte hartzea sustatzea helburu izan duen deialdi horren bidez, herritarrek euren Euskal Herriaren irudikapena argazki batez islatzea proposatu dute, betiere jaialdiaren ikurra den «Z» hizkia erabiliz, adibidez: EHZuzenean, EHZoragarria, EHZuekin, EHZubiak, eta abar. Proposatutako hitzok eta argazkiko irudiok harremana edo lotura izan behar dute. Bideokliparen azken minutua EHZ jaialdian bertan grabatuko da, agertoki nagusitik hartutako irudiekin.
Bigarren sorkuntza programa Artean da. Iaz 43 obraz osaturiko erakustaldi ibiltari batean parte hartu zuten 21 artistek. Aurten, «Ideiak irudikatu» lemapean jaialdiak estreinatzen duen kokagunearen eszenografia egitea izan da proiektu honen helburua. Izan ere, hiru euskal artista profesionalek hartu dute parte sorkuntza fasean: Iñaki Vikendi, Pette Etxebarria eta Diddue Etcheverry. Hirurak diziplina ezberdinetan adituak dira eta eszenografia Garroa gazteluaren arabera egokitu dute, inguru berezi bat sortuz, helburu ezberdinekin.
Hala, 400 metro koadroko eremu berezi horretan, hainbat giro sortuko dituzte, atsedengune bat eta taberna bat tartean. Diseinatu duten espazioak estetika eta funtzionalitatea uztartuko ditu, betiere euskararen nortasun bisuala sustatuz eta erakargarria bilakatu nahirik. Neurri batean topagune bat izateko pentsatuta dago, jende ezberdina nahastea helburu. Artisten lana ez da diseinu fasera mugatu, baizik eta jaialdiaren eremu osoaren koherentzia eszenografikoa bideratzeko ardura hartu dute.