Lehenengo ipuina
Joxemari Carrere | Ipuin kontalaria
Kontu zaharrak deitzen ditugu aspalditik kontatu ohi direnak eta, egile jakingabeak izanik, ahoz aho transmititu izan direnak denboran barrena. Gure zaharrek kontatuak izango dira aspaldiko kontuak; baina beraientzat ere euren zaharrei entzundakoak izango dira. Horrela kontakizunek atzera joko dute denboran. Noiz arte, ordea, doaz ipuinak denboraren bidaia horretan?
Guadalajaran antolatzen den ipuin maratoiaren barruan, Ben Haggarli ikerlari eta kontalari britainiarrak «Irudimenaren arkeologia» hitzaldia eskaini zuen. Beste azalpen eta gogoeta interesgarrien artean, lehenengo ipuinen bilaketaren gaineko ikerketa egitasmoa aurkeztu zuen. Historia aurreko mundu imajinarioa nolakoa ote zen ikertuz lehenengo ipuinen sorrera irudikatu nahi izan zuten. Horretarako arlo ezberdinetako ikerlariak jarri zituzten martxan: paleontologoak, etnologoak, biologoak... Bakoitzak bere eremutik ikuspegi orokor baten ikuspegia osatu zuen, hasierako ipuin horien sortze ingurua ulertu ahal izateko.
Hainbat ondorio atera zituzten, baina agian interesgarriena izango da ipuinen sorrera eta garapena ezin dela ulertu unean uneko baldintza sozialak, geografikoak zein naturalak kontuan hartu gabe. Ipuinak kontaketa berari lotuak daude eta, ondorioz, kontatzen duenari. Kontatzen duena, nahi eta nahi ez, baldintzatuta egongo da aipatu arlo horiekin, bere kontaketa une eta leku zehatzaren baitan gauzatuko delarik. Kontalaria, hori ukatzean edo, besterik gabe, baztertzean, leku eta denboratik at ibiliko da, nora ezeko berriketan. Eta ipuina denbora eta hitza da. Denborak trantsizioa ekarriko du, eta hitzak lurraldea. Lehenengo ipuin haren bidetik.