GARA > Idatzia > Euskal Herria

Donostiako 77 presoen egoera aztertzen duen txostena egingo du Udalak

Euskal presoekiko hainbat konpromiso hartu dituzte Donostiako alkateak eta EH Bilduko zinegotziek. Besteak beste, «udal dosierra» osatuko dute presoen egoeraren inguruan, sei hilabetean behin gaurkotuko dutena.

p012_f02_75565.jpg

GARA | DONOSTIA

PPko zein PSEko udal taldeek gogor salatu dute atzo goizean Donostiako EH Bilduko zinegotziek eta alkateak berak presoen eskubideen inguruan hartutako konpromisoa. Sei ekimen iragarri dituzte, eta, horien artean, honakoa nabarmentzen da: «Donostiako presoen egoeraren inguruko udal dosierra osatzea eta sei hilero berritzea». Txosten hori Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileari eta Espetxe Zuzendaritzako arduradunei helaraziko diete. Horrez gain, Justizia Ministeriora eta Estrasburgora ere igorriko dute.

Izan ere, Donostiako 77 preso daude gaur egun espetxean, euren eskubideak errespetatuak ez direlarik. Horietariko sei presok 197/2006 doktrina dela-eta espetxean jarraitzen dute kalean egon beharko luketenean, eta joan den martxoan horren salaketa egin zuen Donostiako Udalak berak Osoko Bilkuraren erabakiz.

Norabide berean doa atzo hartutako honako konpromiso hau ere: «Aldian-aldian Donostiako presoen senideekin bilerak egitea, euren egoeraren berri zuzena izateko». Bai eta «Giza Eskubideen Batzordera presoen eskubideekin lotutako ekimen zehatzak eramatea» ere.

Horrez gain, hiriko preso guztiei udal erabakien berri emango zaie eta Udalak argitaratuko materialen ale bana ere bidaliko zaie. Gainera, udalbatzarretan presoen eskubideen aldeko txartelak eramango dituzte EH Bilduko ordezkariek.

Horren guztiaren zergatia estatuek sortzen duten egonezina da. Horrela adierazi du EH Bilduk: «Euskal gizartea aurrerapausoak ematen ari den neurrian, eta testuinguru politiko honetan, gero eta ulergaitzagoa egiten zaigu Madrilgo eta Pariseko gobernuek ezarri duten blokeo egoera. Ulertzen dugu euskal gizarteak ordezkari politikooi eskatzen digula pausoak ematea eta konponbideen alde inplikatzea. Ulertzen dugu gure betebeharra dela, herritarren ordezkari garen neurrian».

«Bakea eraikitzea» dago EH Bilduko kideen asmoen artean, eta hori «egunero» egiten dela berretsi dute Juan Karlos Izagirre alkateak eta bere taldekideek. «Gogorra bezain krudela da errealitatea: herri honek ez du bakerik ezagutu hamarkada eta belaunaldi askotan. Bakea lortzeko garaia iritsi da», ziurtatu dute.

Astelehenero bezala, presoen eskubideen aldeko mobilizazioak izan ziren atzo hainbat tokitan. Iruñeko PPren egoitzaren aurrean hamarnaka lagun elkartu ziren. Gernikan (36), Bermeon (22), Altsasun (40), Iurretan (38), Euban (8), Trintxerpen (12), Zaldibian (23), Laudion (36), Astigarragan (18), Altzan (17), Otxarkoagan (25) eta Anorgan (7) ere izan ziren ekitaldiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo