GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Jose Ignacio Munilla | Gipuzkoako gotzaina

Erlijio ikasgaia

«Gure herrian izan diren joera `kainitak' gainditu behar ditugu»; «Zer esan nahi du `kainita' hitzak?», galdetu zioten... Irakasleari argi gelditu zitzaion Cain eta Abelen historia ez zutela ezagutzen «Kristo bai, Eliza ez» zioen protestanteen Erreformatik hasita, «Jainkoa bai, Kristo ez» baieztapenera egin genuen salto; orain aldiz, «espiritualtasuna bai, erlijioa ez» dugu

Pasa den ostegunean, 2013-2014 ikasturterako matrikulazio epea zabaldu zuten. Familia guztiek euren seme-alabentzat Erlijio ikasgaia barne duen hezkuntza integrala aukeratzeko ahalmena dute -edo eduki beharko lukete bederen-. Izan ere, Erlijio ikasgaia gurasoentzat aukera den moduan, ikastetxeentzat nahitaez eskaini beharrekoa da. Bestalde, euskal Administrazioak Epaitegi Gorenaren epaia indarrean jartzeko konpromisoa hartu du berriki; alegia, Batxilergoan ikasgai honen estatusa kaltetzen zuen Eusko Jaurlaritzaren dekretua bertan behera uzten duena. Epaia- ren arabera gainera, Erlijioa eskaintzeaz gain, ondo zehaztutako curriculuma duen beste ikasgai alternatiboa eskaini behar dute ikastetxe guztiek.

Argi dago goiko mailakoentzat justiziak agindutako hau ezinbestekoa dela, Haur Hezkuntza eta Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat. Jarraian, Erlijio ikasgaiaren beharra azpimarratzen duten hiru arrazoi emango dizkizuet:

Lehena, heziketa morala: Gazteenak zuzen-zuzenean jotzen dituzten gaitz moralen inguruko albiste txarrak etengabe jasotzen ditugu: intoxikazio etilikoak, eskola giroko jazarpena, drogak, indarkeria, suizidioak, menpekotasunak, eskola porrota, krisi familiarrak... Harritzekoa da erronka hauen guztien aurrean, batzuek erlijioa eskolatik kanpo uztea baino beste irrikarik ez izatea.

Gogora ekar dezagun, 1990ko LOGSEa iritsi arte, Erlijioa eta Etika ikasgaien artean aukeratzea bazegoela (lehenak ebanjelioaren oinarrietatik abiatutako heziketa morala eskaintzen zuen eta bigarrenak, balore naturaletan oinarritutako heziketa).

Zergatik erabaki ote zuten orduan garaiko politikariek ondo funtzionatzen zuen eta premiazkoa zen sistema bertan behera uztea? Pentsaezina da LOGSEaren egileei gazteen heziketa etikoa edo morala axolagabe zitzaienik. Alderantziz, nire abu- ruz, antiklerikotasunaren eraginez, irentsi ezina zitzaien familiarik gehienek Erlijioa aukeratzea Etikaren aurretik. Eta horregatik, hain zuzen, hartu zuten errailetatik irteteko prozesua martxan jartzeko erabakia.

LOGSEaren ondoren, Etika desagertu zen. Ondorioz, Erlijioa nahi ez zuten ikasleentzat «heziketa arreta aproposa» izeneko hautabidea jarri zen martxan; hau da, etxeko-lanak ikasgelan aurreratzeko aukera edo ordubeteko atsedenalditxoa hartzeko aukera hutsala. Badugu horri aurre egiteko unea: Ez dira ba gaurko gaitz moralak, Etika ikasgaia kendu eta Erlijioa baztertzearen ondorio zuzena izango?

Bigarrena, kultura erlijiosoa: Adibide xumea... Telebistako galdera-erantzuneko saioetan agerian gelditzen da behin eta berriz ez-ezagutzarik handieneko gaia dela Erlijioa. Eta orain gutxi, unibertsitateko irakasle batek azaldu zidan gertakizuna ere, adierazgarria: bakeaz hitzaldia eskaintzen ari zela, «gure herrian izan diren joera `kainitak' gainditu behar ditugu» esaldia bota zuen. Entzuleek ez zuten tutik ere ulertu. «Zer esan nahi du `kainita' hitzak?», galdetu zioten... Irakasleari argi gelditu zitzaion Cain eta Abelen historia ez zutela ezagutzen.

Zalantzarik gabe, kultura, artea, gure herriaren izaera eta historia ulergaitzak izango zaizkigu, horien sustrai erlijiosoak ezagutzen ez baditugu. Ildo honetatik, oso aproposa da Gotzainen Batzarrak egin duen bideoa, Erlijio irakaslea eta haren ikasleak protagonista dituena. (http://youtu.be/32As9i9-CVc ).

Hirugarrena, izanaren zentzu erlijiosoa: Erlijioa zilegi da heziketa integralaren barruan, zientziak erantzun ezin dituen galderei aurre egiten baitie; hala nola, gizakiaren izanaren zentzua bera. Nihilismotik abiatuta heztea ez da posible; Aristotelesek esan zuen moduan: «Ez dago aldeko haizerik, helmuga ezagutzen ez duten itsasontzientzat». Maitasunetik gatozela eta hartara itzuliko garela dakigunean bakarrik eman ahal izango dugu onena.

Jakin badakit, ondo asko jakin ere, gaur egungo gizartean politikoki zuzena eta onargarria, fedetik kanpo dagoen halako «barnetasuna» dela.

«Kristo bai, Eliza ez», zioen protestanteen Erreformatik hasita, «Jainkoa bai, Kristo ez» baieztapenera egin genuen salto; orain aldiz, «espiritualtasuna bai, erlijioa ez» dugu gizartean goiburu (New Age edo Aro Berriaren eraginez).

Chestertonen hitzetan, erlijiorik gabeko espiritualtasunaren eta kristau erlijioaren arteko aldea, «ametsaren» eta «irudipenaren» artean dagoen alde bera da. Eta zera gaineratu zuen hark: «Gose izatea ez dela jatea ikasi nuen, zerbait nahi izatea ez dela hori edukitzea eta, horrexegatik, ez dago haragitutako Hitzaren parekorik».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo